Jose Andres Alvaro: "Euskal idazle mistiko bakanetakoa izan zen Sorazu"

Intza Trula

Jose Andres Alvaro 'Sor Angeles Sorazu. Zumaiako idazle mistikoa' liburua eskuetan duela. (Utzitakoa)

Sor Angeles Sorazu. Zumaiako idazle mistikoa liburua aurkeztuko du gaur Jose Andres Alvarok. Idazlearen bizitzaz eta hark ondutako obrez hitz egiten du liburuak.

Angeles Sorazu euskal idazle mistikoaren ibilbidea ikertu du Jose Andres Alvarok (Donostia, 1962). Azterketa horretan ezagututakoak liburu batean bildu ditu: Sor Angeles Sorazu. Zumaiako idazle mistikoa. Argitalpenaren aurkezpena egingo du gaur, 19:00etan, Oxford aretoan.

Ez dakienarentzat, nor izan zen Angeles Sorazu?

Angeles Sorazu Zumaian jaio zen, XIX. mendearen amaieran. Erlijiosoa zen, eta bizitza osoa Valladolideko [Espainia] komentu batean igaro zuen. Han ezaguna egin zen literatura mistikoaren esparruan, gaiari lotutako hainbat lan idatzi baitzituen.

Zer-nolako garrantzia izan zuen idazle gisa?

Garrantzi handiko pertsona izan zen, euskal idazle mistiko bakanetakoa baita, bakarra ez esateagatik. Izan ere, euskal santuak ez dira mistikoak izan, ekintzazko pertsonak baizik: San Ignazio Loiolakoa militarra zen, eta ordena erlijioso bat sortu zuen, armada moduko bat; San Frantzisko Xabierkoa, berriz, abenturazale jainkotiarra. Ama Sorazu, aldiz, ez zen ia bere komentutik atera, eta han literatura sortu zuen, arimaren eta jainkoaren arteko batasuna adieraziz, Teresa Avilakoaren edo San Joan Gurutzekoaren mailan. Idazle gisa egin zituen lanek garrantzia irabazi dute, nahiz eta, zoritxarrez, haren izena ez den gertuko zirkuluetatik harago joan.

Zer dela-eta hasi zinen Sorazuren inguruan ikertzen?

Alde batetik, euskal pertsonaiei buruzko hainbat liburu idatzi ditut jada: Gabriel Zelaia, Luis Mariano, Blas Otero, [Cosme Damian] Txurruka, [Joan Sebastian] Elkano... Eta, bestetik, Euskal Herriarekin eta euskararekin harreman estua duen Valladolideko bati buruzko liburu bat idatzi nuen, Antonio Tovarri buruzkoa. Interesatzen zaidan esparru bat da, alegia. Valladoliden Tovarri buruzko nire liburua aurkeztu nuenean, Ama Sorazuren existentzia aipatu zuten, eta Tovar bezala, Euskal Herria eta Valladolid lotzen dituen figura bat da zumaiarrarena. Une hartan piztu zitzaidan gehiago jakiteko nahia.

Nolakoa izan da ikerkuntza lana?

Haren obrak irakurri ditut, eta hari buruz ikertu duten kongregazioko mojekin ere hitz egin dut. Hala, bi liburu idatzi ditut, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz, dibulgazio izaerarekin. Ez dut zehaztasun teologikoetan sartu nahi izan, nire asmoa izan da pertsonaia hori jendearengana gerturatzea, modu erraz batean, gure garaiko pertsona batek uler dezan nor izan zen Ama Sorazu.

Protagonistaren herrian aurkeztuko duzu liburua. Zer-nolako garrantzia du zuretzat horrek?

Niretzat oso garrantzitsua da liburu hau Zumaian aurkeztea, alde batetik, Ama Sorazu Zumaian jaio zelako, bere izena duen kale bat duelako, jaio zeneko etxea bertan dagoelako...; bestalde, sor Angeles Sorazuri buruz euskaraz idazten den lehen liburua da, eta euskara bere ama hizkuntza zen. Hau da, Ama Sorazuri buruz hitz egiten dugu berak Valladolidera bizitzera joan zen arte erabili zuen hizkuntzan.

Uste duzu herritarrek badutela Ama Sorazuren berri?

Uste dut, oro har, ezaguna izango dutela zumaiar gehienek. Izan ere, iritzi diot bertan jaiotako pertsonaia historikoak arreta handiz tratatzen dituen herria dela Zumaia, eta Ama Sorazurekin ezin zitekeen gutxiago izan.

Ama Sorazuren zerk harrituko ditu gehien aurkezpenera bertaratzen direnak?

Ez dio ezerk arreta piztuko jada Ama Sorazu ezagutzen duenari. Aldiz, pertsonaiaren inguruan ezer ez dakiena agian harritu egingo da idazle mistiko garrantzitsu izatera nola iritsi zen jakitean.

Nola sortu da aurkezpen hau egiteko aukera?

Zumaiako Udaleko Kultura teknikariarekin harremanetan jarri nintzen aurkezpen bat egitea proposatzeko, eta hark Kultura zinegotziari igorri zion nire nahia. Baiezkoa eman zidaten, eta ideiarekin aurrera egin genuen. Hala, eskerrak eman behar dizkiet udalari, Kultura sailari eta bertan lan egiten duten langileei, jarduera hau aurrera eraman ahal izateko egin duten lanagatik.

Zer-nolako egitura izango du aurkezpenak?

Ama Sorazuren bizitza eta obra errepasatuko ditugu. Asmoa dibulgazio lana egitea da, bertaratzen denak hobeto eta modu atseginean ezagutu dezan Ama Sorazu nor izan zen.

Aurkezpenak, gainera, helburu solidarioa izango du.

Ez da aurkezpen komertziala izango, salmentatik lortzen diren irabaziak 22. kromosomaren bikoizketa duen 4 urteko neskato baten tratamendura bideratuko baititugu. Gaixotasun arraro horrek heldutasunean atzerapena eta hipotonia eragiten ditu; hau da, kasu honetan, 2 urteko ume baten pareko bizitza du, eta arazo handiak ditu hizkuntza eta era guztietako ikaskuntza formalak eta informalak bereganatzeko.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide