Bigarren Errepublikako udal korporazio demokratikoa aitortu eta omendu du Zumaiako Udalak

Maddi Txintxurreta

Bihar, astelehena, beteko dira 90 urte tropa frankistak Zumaiara sartu zirela. Urteurrena memoria historikoa egiteko baliatu du egungo udalbazak, eta altxamendu militarrak bortxaz kargutik kendu zituen udal demokratikoko kideek egindako lana aitortu du. Bigarren Errepublikako azken udal demokratikoa osatu zuten hautetsi bakoitzaren historia jaso du idatziz, eta haien oinordekoei eman dizkie dokumentuak.

Bihar, astelehena, beteko dira 90 urte tropa frankistak Zumaian sartu zenetik. Altxamendu militarrak Victoriano Arrate Loiola alkateak gidatzen zuen udalbatzako kide guztiak kargugabetu zituen, 1931tik Zumaiako gobernuan zen Bigarren Errepublikako azken udal korporazioaren jarduna bortxaz etenda. Memoria historikoa egiteko baliatu du urteurrena egungo Zumaiako udalbatzak, eta garai hartako alkatea eta harekin taldea osatu zuten hamar zinegotziak omendu ditu gaur udaletxeko pleno aretoan egin duen ekitaldiarekin.

Dozenaka herritar izan da ekitaldian, horien artean, omendutako udal korporazioko kide izan zirenen oinordekoak. Klezmer Quartet taldeko klarinetistek ireki dute omenaldia, eta haien atzetik hitza hartu du Iñaki Osolaza alkateak. Nabarmendu du udal hautetsi guztiek eman diotela babesa Bigarren Errepublikako hautetsien "memoria berreskuratzeko" asmoz antolatutako ekitaldiari, eta eskerrak eman dizkie aretora hurbildu diren omendutako senideei, sinetsita haiei adierazitako esker onak balio duela 1931ko udal gobernuko kideak aitortzeko.

1931an, Bigarren Errepublika aldarrikatu ostean, eta Zumaiako udalbatza errepublikano berria osatzen zuten herritarren izenak gogoratu ditu Ostolazak: Victoriano Arrate Loiola, Juan Arratibel Larrañaga, Benigno Arrieta Larrañaga, Leon Esnal Alberdi, Martin Elorriaga Gomez, Gabriel Betondo Ostetxe, Zacarias Arrizabalaga Urdanpilleta, Sotero Azpeitia Orbegozo, Eduardo Zubia Egaña, Alejandro Lartigue Larrañaga eta Manuel Urruzuno Arrizabalaga.

Hautetsi horiek gobernatu zuten garaiko koadro bat ikus daiteke gaur egun udaletxeko pleno aretoan, eta artelan horren historia elkarbanatu du alkateak aretoa bete duten herritarren aurrean. Kontatu duenez, 1931an, gela horretan zintzilikatzeko artelan bat agintzea erabaki zuten hautetsiek, baina koardoak erakutsi behar zuenaren inguruko iritzi desberdinak zituzten. "Zinegotzi abertzaleek Euskal Herriaren eskubide historikoak irudikatzen zituzten Gernikako Arbola eta Bizkaiko Batzar Nagusiak agertzea nahi zuten, eta alderdi errepublikanoa ordezkatzen zuten zinegotziek, berriz, Errepublika irudikatzen zuen emakumea agertzea nahi zuten", azaldu du. Eztabaida sutsuen ondoren, abertzaleen aukeraren alde egitea ebatzi zuten bozketa bidez; hala ere, Victoriano Arrate alkateak erdibideko soluzioa asmatu zuen, eta Gernikako Arbola nahiz Bizkaiko Batzar Nagusiak islatzen dituen margolanean Errepublika ordezkatzen duen emakumearen irudia gehitzea agindu zuen. 

Gipuzkoan, Bidasoa aldetik eta probintziaren barnealdetik sartu ziren tropa frankistak, eta 1936ko irailaren 21ean Zumaiara iritsi zirenean, udalean zen korporazio demokratikoa desegin zuten. Horrekin batera, desagerrarazi egin zuten hautetsien adostasunaren ikur den koadroa, haren ordez Francoren erretratua zintzilikatzeko. Alta, lau hamardada luze iraun zituen diktadura amaitu zenean,  hauteskunde demokratikoak egin aurretik udalaren ardura hartu zuen taldeak deskubritu zuen Francoren erretratuaren azpian zegoela Gernikako Arbola, Bizkaiko Batzar Nagusiak eta Errepublika ordezkatzen duen emakumea jasotzen dituen artelana.

Gaurko, sinbolismoz betetako ekitaldian, beste koadro bat zintzilikatu dute margolan horren azpian: Bigarren Errepublikako azken udal korporazio demokratikoan gobernuan izan ziren hamaika hautetsien izenak jasotzen ditu koadro berriak. "Horrela, gaur egungo eta etorkizuneko udalbatzak nahiz zumaiar guztiek izango dute haien izenen eta duela 90 urte gertatutakoaren berri", adierazi du alkateak.

Dokumentazioa, senideen esku

1934an, Fronte Popularrak hauteskundeak irabazi ondoren, aurreko udal ordezkariek beren karguak berreskuratu zituzten; Juan Arratibelek eta Benigno Arrietak ez ezik Zumaiatik kanpo baitzeuden ordurako. Gainerakoek karguan jarraitu zuten, harik eta 1936ko irailaren 21ean tropa frankistak Zumaian sartu ziren arte. Historia gogora ekarri ostean, senideei zuzendu zaie Iñaki Ostolaza: "90 urte geroago, hemen zaudeten senideei eta oinordekoei, Zumaiako herriaren izenean, gure esker ona eta aitortza adierazi nahi dizuet".

Errepublikako azken korporazioko kideek "garai zailetan" erakutsi zuten konpromisoa aintzatetsi du alkateak, eta aldarrikatu du gaur, 90 urte igaro direnean, haien izenak eta haiek egindako lana gogoratzeko unea dela. Asmo horrekin, Aranzadi zientzia elkarteak orduko hautetsi bakoitzaren inguruan landutako dokumentazioa eman diete senideei. "Ez dezagun ahaztu gure historia dela", berretsi du Ostolazak.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide