Algen mundua ezagutzeko jarduera antolatu dute larunbaterako Algorrin

Maddi Txintxurreta

Algorriko labarra.

Aztertu programak antolatutako jardueran algak ezagutzeko eta horiek bereizten ikasteko aukera izango dute herritarrek.

Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen Aztertu ingurumen hezkuntzako programak Flysch-aren zaporea: ezagutu Zumaiako algak bost zentzumenekin izeneko jarduera antolatu du larunbaterako. 10:00etatik 13:00etara izango da saioa, Algorrin.

Antolatzaileek azaldu dutenez, jardueran parte hartuko duten herritarrek "algen mundu liluragarria modu praktiko eta berezi batean" ezagutzeko aukera izango dute larunbatean. Algak behatu, ukitu, usaindu eta horietako batzuk dastatuko dituzte, horiek ezagutzen eta bereizten ikasteko. Halaber, algek bioaniztasunean zein itsasoaren osasunean duten garrantzia azalduko dute jardueraren gidariek.

Zapatuko saioa zientzia egiteko ere baliatuko dute Aztertukoek. Laginketa kit bat erabiliz, Zumaiako kostaldeko uraren egoera ekologikoa aztertuko dute.

Jarduera doakoa eta elebiduna izango da, 10 urtetik gorako herritar guztiei zuzenduta dagoela argitu dute antolatzaileek. Parte hartu nahi dutenek esteka honetan eman dezakete izena. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide