Zumaiako Udalak Erribera 1eko urbanizazio obrak hasi ditu gaur, asteartea. Lanek bost hilabete iraungo dutela aurreikusten du udalak. Udala bera da obraren sustatzailea, eta Impercaya S.L. enpresa eraikitzaileak egingo ditu lanak, 414.165 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne). Erribera 1 inguruko urbanizazioa hobetzea eta espazio publikoaren baldintzak berritzea da gaur hasi dituzten lanen helburua.
Udalak jakinarazi duenez, lanak faseka egingo dituzte, eta eragina izango dute eremuko aparkalekuetan, ibilgailuen zirkulazioan eta zenbait sarbidetan.
Obrak hastearekin batera, lan-eremua hesitu eta beharrezkoak diren etxolak eta bestelako baliabideak kokatu dituzte. Horretarako, hainbat aparkaleku kendu dituzte: goiko plataformako aparkaleku guztiak, Bonifazio Etxegaraiko guztiak eta Zuloaga plazako zebra-bidearen ondoko bizpahiru aparkaleku.
Era berean, ibilgailuen zirkulazioa desbideratu dute: ibilgailuak aparkalekuen eremutik jaitsiko dira, eta errepidearen eta ondoko espaloiko zati baten erabilera mugatuko dute obrak iraungo duen bitartean.
Ingurukoekin koordinazioa
Udalak adierazi du "ahalik eta neurri handienean" ahaleginduko dela eremuko atari, merkataritza establezimenduetarako eta garajeetarako sarbideak bermatzen, hala ere, lanen bilakaeraren arabera, "une jakin batzuetan" sarbideak aldi baterako mugatu beharko dituztela jakinarazi du. Garajeetako erabiltzaileek ere, une puntualetan, ibilgailuak garajeetatik kanpo utzi beharko dituzte, lanen ondorioz sarrera eta irteera aldi baterako ezinezkoa izan daitekeelako.
Obren eragina pairatuko duten merkataritza establezimenduekin eta garajeetako erabiltzaileekin harremanetan da udala, haren esanetan, bakoitzaren egoera aztertzeko eta lanen antolaketa ahalik eta modu egokienean koordinatzeko.
Obraren bigarren fasean, beheko plataforma urbanizatuko dute, eta lan horiek ere bertako ibilgailuei eragingo diete. Fase hori gerturatu ahala, udalak beharrezko informazioa emango duela ziurtatu du.