Itxas Gainek piraguisten festa antolatu du urriaren 17rako

Maddi Txintxurreta

2018ko festan parte hartu zuten piraguistak. (Peio Romatet)

Lau urtean behin antolatzen du Itxas Gainek piraguisten festa. Piragua irteera eta Jose Migel Egaña nahiz Fernando Balenziaga zirenak omentzeko ekitaldia egingo dituzte.

Gaur egun Itxas Gain klubean ari diren piraguistak nahiz piraguista ohiak elkartuko ditu beste behin Zumaiako klubak. Lau urtean behin egiten dute piraguisten festa, eta urriaren 17rako antolatu dute aurten.

Egitarau betea antolatu du Itxas Gainek festa handirako. Goizean piragua irteera egingo dute, eta ohiturak agindu bezala, Jose Migel Egaña eta Fernando Balenziaga zirenak oroituko dituzte beren oroigarrietan. Kalejira eta txikiteoa egingo dute gero kalez kale, eta elkarrekin bazkalduko dute Talaia tabernan.

Bazkarian parte hartu ahal izateko, interesdunek Itxas Gainen izenean dagoen Laboral Kutxaren kontu zenbakian (ES47-3035-0037-4103-7006-6428 ) 50 euroko diru sarrera egin beharko dute, honako informazioa adieraziz: izena eta abizena, kamisetaren neurria (egunaren hasieran banatuko dituzte kamisetak), eta bigarren plateraren aukeraketa: masailak, entrekota edo bakailaoa.

Irailaren 30ean amaituko da izena emateko epea, eta kontu korrontera ordainketa egin ostean Zumaiako piraguismoko klubak eskatu du itxasgain1968@gmail.com mezu bat bidaltzeko, izen ematea konfirmatzeko.

 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide