Luke William eta Briana Mow australiarrek nagusitasunez irabazi dute Zumaiako Triatloia

Aritz Mutiozabal - Oier Arregi

Joanes Goitisolo eta Alba Linares izan dira bigarren, eta Mikel Arrasate eta Malen Arano hirugarren. 450 triatletek hartu dute parte gaur arratsaldean esprint distantziako triatloi proban. 

Australiarrek eman dute ezustea gaur arratsaldean Zumaiako Triatloiak antolatuta jokatu den esprint distantziako proban. Iaz gizonezkoen zein emakumezkoen podiuma osatu zuten triatleta gehienak Arbuistango arranplako irteeran baziren ere, Luke William eta Briana Mow izan dira garaile. Biek ala biek hasiera-hasieratik jarri dute erritmo bizia, eta nagusitasunez zeharkatu dute Gernika parkeko helmuga.

Briana Mowek ez du aurkaririk izan emakumezkoetan, eta nahi bezala osatu du lasterketa. Lehena izan da igeriketako zatia osatzen, eta bizikletako zein korrikako zatiak ere buruan egin ditu oso bizi.  Australiarrak ordu bat, minutu bat eta 44 segundo behar izan du lasterketa osatzeko, eta bigarren sailkatu den Alba Linaresi hiru minutu eta erdi baino gehiagoko aldea atera dio (01:05,24).

Linaresek atzekoz aurrerako proba egin du, batez ere korrikako saioan, aurretik zituen lau lehiakide atzean utzi baititu. Horien artean, hirugarren izan den Malen Arano (01:05,51). Haien atzetik iritsi dira, hurrenez hurren, Ane Gurtubay (01:06,04), Aitana Pereda (01:06,09), eta Eneritz Urrutia (01:06,44). Iaz Gurubay bigarren izan zen, eta Urrutia hirugarren.

Gizonezkoetan, berriz, Luke Williamek lan gehiago egin behar izan du garaipena erdiesteko. Igerian alde nabarmena atera die atzeko guztiei, baina bizikletako zatian Joanes Goitisolok eta Mikel Arrrsatek harrapatu egin dute eta elkarrekin iritsi dira box eremura. Australiarrak, ordea, ziztu bizian ekin dio korrikaldiari, eta azken zatia ongi kudeatuz, txapela bereganatu du; 53 minutu eta 33 segundoan osatu du proba.

Bigarren eta hirugarren postuaren arteko lehian, Goitisolo nabarmendu zaio Arrasateri aurten. Iaz Arrasate izan zen txapeldun eta Goitisolo txapeldunorde. Bigarren sailkatuak 54 minutu eta bi segundoko denbora egin du, eta hirugarrenak 54 minutu eta 19 segundoko denbora.

Kadete mailako lasterketa ere jokatu dute gaurkoan, super esprint modalitatean, eta Aitor Gazolaz eta Nile Agirretxe izan dira irabazle. Era berean, kirol egokituko hiru triatletek hartu dute parte –Agotz Iturbe, Aitor Oleaga eta Josune Odriozola–, eta bakoitzak bere kategoriko saria eskuratu du.

Aurten izen emateek aise gainditu zuten antolakuntzak ezarritako muga eta 450 triatleta inguruk hartu dute parte arratsaldeko proban. Urtero bezala, egundoko giroa gailendu da probak iraun duen denbora osoan, eta parte hartzaileek asko eskertu dituzte ikusleen animoak eta txaloak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide