Autobusak ez dira Patxita Etxezarreta kalean geldituko asfaltatze lanek iraun bitartean

Maddi Txintxurreta

Autobus geltokia Patxita Etxezarretan (Zumaiako Udala)

Astelehenetik aurrera asfaltatze lanak egingo dituzte Patxita Etxezarretan, eta ondorioz, autobus geltoki gabe geldituko da kale hori obrak iraun bitartean. Denbora horretan, Txomin Agirre kaia izango da autobusen geraleku bakarra herrian.

Zumaiako Udalak asfaltatze kanpaina jarriko du martxan astelehenetik aurrera, eta Patxita Etxezarreta kalearekin hasiko da. Lan horren lehen fasean, autobus geltokiaren inguruko obra zibila egingo dute, eta ondoren asfaltatze eta margoketa lanak egingo dituzte. Beraz, lanek iraun bitartean, Patxita Etxezarreta 6 zenbakiko autobus geltokia kendu egingo du udalak.

Lurraldebusek jakinarazi duenez, UK06 linean, Zumarragarako noranzkoan, autobusek ez dute Patxita Etxezarretako geltokian geldialdirik egingo, eta Zumaiako tren geltokian egingo dute geldialdi bakarra.

Bestalde, DB05, UK07, UK09, UK10 eta UK11 lineetan, Zumaiara iristean, Moilan egingo dute geldialdia, eta ez da beste geralekurik egongo herrian.

Geltokiaren inguruko lanek 10-14 egun inguruko iraupena izatea aurreikusten du udalak, eta herritarren nahiz autobus zerbitzuaren erabiltzaileen lankidetza eta pazientzia eskatu du. Ohartarazi du, halaber, lan-egutegia eguraldiaren eta sor daitezkeen bestelako gorabeheren arabera aldatu ahal izango dela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide