Garrantzia ekologiko handia du Santiagoko dunak, eta azken urteotan, ingurune horretan hedatu diren landare espezie inbaditzaileak erauzteko auzolan saioak egin dituzte. Datorren larunbatean egingo dute hurrengoa.
Auzolanean parte hartuko duten herritarrak 10:00etan elkartuko dira Santiago hondartzako sorospen etxolaren aldamenean, eta landare exotikoek eta inbaditzaileek ekosisteman sor ditzaketen kalteen inguruko informazioa jasoko dute adituen eskutik. Azalpenen ostean, zenbait landare erauziko dituzte auzolanean.
Zumaiako Udalak azaldu duenez, larunbateko ekimenean parte hartzeko ez da beharrezkoa aurrez izena ematea, baina plaza mugatuak izango direla ohartarazi du, iritsieraren hurrenkeraren araberakoak. Lekuan bertan erauzketarako materiala eskura izango dute herritarrek, eta arropa erosoarekin joateko gomendioa egin du udalak.