Datozen egunetan egingo dituzten asfaltatze lanek eragina izango dute trafikoan

Maddi Txintxurreta

Beharginak asfaltatze lanetan. (Zumaiako Udala)

Datozen egunetan egingo dituzten asfaltatzen lanen ondorioz, herriko zenbait puntutan aldaketak izango dira trafikoan, autobus zerbitzuan eta aparkalekuetan. 

Zumaiako Udalak herriko hainbat gunetako errepide eta kaleak asfaltatzeko kanpainari ekingo dio astelehenetik aurrera, bide publikoen egoera hobetzeko helburuarekin. Lanek zenbait aldaketa eragingo dituzte trafikoan, autobus zerbitzuan eta aparkalekuetan. 

Excavaciones y Transportes Orsa, S.L. enpresak egingo ditu lanak, 259.794,84 euroko aurrekontuarekin, eta guztira bi hilabete inguruko iraupena izango dutela aurreikusten da. Epe horretan, enpresa herriko hainbat gunetan arituko da lanean, .

Kanpainako lehen jarduketa Patxita Etxezarretako autobus geltokian eta Aita Mari auzunean egingo dute, astelehenetik aurrera. Patxita Etxezarretako geltokian, lehenik, obra zibila egingo dute. Guztira, gunea 10-14 egunez ixtea aurreikusten du udalak. Denbora horretan errei bat itxiko dute segurtasunagatik, eta trafikoa semaforo bidez arautuko dute.

Jarraian, GKNko zubiko jarduerari ekingo diote. Lan horrek hiru egun inguruko iraupena izango du eta, ondoren, margoketa lanak egingo dituzte. Lanek iraungo duten bitartean, zubia itxita egongo da.

Aldi berean, Aita Mari auzuneko zenbait kale asfaltatuko dituzte. Bi edo hiru egun inguruko iraupena izango dute lanek, eta ondoren ingurua margotuko dute. Lanen aurretik, udalak inguruko bizilagunei jakinaraziko die ibilgailuak kaletik kentzeko, obrak eragozpenik sor ez dezan eta beharrezkoa denean ibilgailuekin sartu eta atera ahal izateko.

San Telmo kalea asfaltatuko dute gero, hilaren 16an eta 17an. Lanek egun bateko iraupena izango dutela aurreikusten du udalak eta, ondoren, margoketa lanak egingo ditu.

Azkenik, Basadi 12-14 kalean obra zibila eta asfaltatze lanak egingo dituzte, hondoratuta dauden espaloi eta errepideak hobetzeko. Denbora horretan, guztiz itxiko dute errepidea.

Udalak herritarren lankidetza eta pazientzia eskatu du lanek iraun bitartean sor daitezkeen eragozpenen aurrean, eta aldez aurretik eskerrak eman dizkie herritarrei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide