Zabalik daude euskara ikasteko diru laguntzak eskatzeko eta matrikulatzeko epeak

Maddi Txintxurreta

Zumaiako euskaltegia.

Gaur hasi eta urriaren 9ra arte izango dute helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egiten dituzten zumaiarrek dirulaguntzak eskatzeko aukera. Bestetik, Zumaiako Igor AEK euskaltegian matrikulatzeko epea ere zabalik dago, irailaren 24ra arte.

Zumaiako Igor AEK euskaltegiak ireki du dagoeneko 2026-2027 ikasturterako izena emateko epea, eta herritarrek hilaren 24ra bitartean egin dezakete matrikula. Interesdunek Bidasoa kalean dagoen euskaltegira jo dezakete, 943-86 02 48 eta 607 62 54 98 zenbakietara deitu edo zumaia@aek.eus helbidera idatzi. Euskaltegia astelehenetik ostegunera egongo da zabalik, 09:30etik 12:30era eta 17:00etatik 20:00etara (ostiraletan goizez bakarrik). Horrez gain, 

Bestalde, gaurtik hasi eta urriaren 9ra bitartean izango dute herritarrek euskara ikasteko diru laguntzak eskatzeko aukera. Helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egiten dituzten zumaiarrek egin dezakete eskaera.

Laguntza horien eskaera egiteko ezinbestekoa izango da hainbat baldintza betetzea, hala nola Zumaian erroldatuta egotea, eta, gutxienez, %80ko asistentzia egiaztatzea. Baldintza horiek betez gero, ikastaro guztietako matrikulen balio osoa itzuliko zaie langabeei, eta %75a gainontzekoei. Udalak gehienez 600 euro ordainduko ditu urritik ekainera bitarteko ikastaroetan.

Zumaiako Udalak jakitera eman duenez, honako hauek dira euskara ikasteko diru laguntza eskatzerakoan herritarrei eskatuko zaizkien dokumentuak: 

  • Eskabidea beteta.
  • Ikastaroa ordaindu izanaren egiaztagiria.
  • Asistentzia % 80tik gorakoa izan dela ziurtatzen duen agiria, euskaltegiak edo ikasketa zentroak berak emana.
  • Hirugarrenen alta emateko agiria (baldin eta aurrez aurkeztu ez bada edota aurreko kontua aldatu bada).
  • HABEren dirulaguntzen 2026ko deialdian eskaera aurkeztu izanaren agiria (maila egiaztatu edo dagokion atalasea gainditu duten ikasleek bakarrik).

Eskaerak udaletxeko Herritarren Arretarako Zerbitzuan aurkez daitezke, edo telematikoki, Zumaiako Udalaren webguneko egoitza elektronikoan. Zalantzak argitzeko, herritarrak Euskara Zerbitzuarekin jar daitezke harremanetan (943-86 50 25-616 telefonora deituta edo euskaraz@zumaia.eus helbidera idatzita).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide