Zabalik da Euskal Kostaldeko Geoparkeak urrirako antolatu dituen jardunaldi irekietarako izen-ematea

Maddi Txintxurreta

Geoparkeko langile bat, bisitariei azalpenak ematen. (Euskal Kostaldeko Geoparkea)

Urriaren 7an eta 8an Geoparkeen XI. Jardunaldi Irekiak egingo dituzte Zumaian, eta dagoeneko ireki dute horietarako izen-ematea. Egun horietan, ondarearen, komunikazioaren, hezkuntzaren eta turismo jasangarriaren interpretazioko profesionalak elkartuko dira herrian.

Euskal Kostaldeen Geoparkea izango da Europako Geoparkeen Sareak antolatzen dituen jardunaldi irekien egoitza. Urriaren 7an eta 8an ondarearen, komunikazioaren, hezkuntzaren eta turismo jasangarriaren interpretazioko profesionalak elkartuko dira Zumaian, elkarrekin gogoeta egiteko nahiz esperientziak trukatzeko. Esteka honetan eman daiteke jardunaldietarako izena, eta bertan kontsulta daiteke egitaraua.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak azaldu duenez, jardunaldi irekien edizio bakoitza geoparke desberdin batean egiten dute, eta Euskal Kostaldeen Geoparkeak izango du hamaikagarrenean harrera lanak egiteko ardura. Jardunaldi horiek Geoparkeen Sarearen esperientziak trukatzeko urteko foro nagusia dira eta, besteak beste, ondare geologikoaren kontserbazioan, hezkuntzan, dibulgazio zientifikoan, gizartearen parte-hartzean eta garapen iraunkorrean gogoeta egiteko baliatuko dute aurtengo topaketa.

Aurtengo programak interpretazioa eta komunikazioa izango ditu ardatz, eta ahalegin berezia egingo dute ondarea herritarrei hurbiltzeko eta geologiaren, paisaiaren, biodibertsitatearen, kulturaren eta tokiko nortasunaren arteko harreman estua balioesteko. 

Urriaren 7an (asteazkena) Zumaiako Aita Mari antzokian abiatuko dira jardunaldiak, 09:00etan, erakundeetako ordezkarien hitzaldiekin. Ondoren, Lurraren Historiaren irakurketa jarraitua egingo dute, hau da, Espainiako Estatuko 18 geoparkeek denbora-lerro geologikoa osatuko dute jendaurrean.

Jarraian, mahai-inguruen txanda iritsiko da. Lurraren historiaren dibulgazioa eta interpretazioa nola gauzatzen diren aztertuko dute, lau bloketan banatuta: lehenengoan, Panelak eta Geoibilbideak izango da gai nagusia; bigarrenean, bisita gidatuez ariko dira; hirugarren blokean, berriz, interpretazio-zentroez solastuko dira; eta, azkenik, interpretazio-materiala izango dute hizpide.

Bukatzeko, Euskal Kostaldeko Geoparkean Interpretazioari aplikatutako neuromarketing-ikerketaren ondorioak azalduko dituzte.

Jardunaldia bukatuta, antzokitik atera eta Zumaia ezagutzera joango dira parte-hartzaileak. Flyscha oinez eta itsasoz ezagutuko dute eta, ondoren, euskara eta euskal kulturari buruzko bisita gidatua eskainiko dute.

Hurrengo egunean, urriaren 8an, landa-irteera egingo dute Debako HAB (Historiaurreko Bailara) eta Mutrikuko erdigune historikoa eta Talaixa Geomuseo berria ezagutzeko.

"Lurraldea ikuspegi integratzailetik aditzeko garaian kontakizunek duten garrantziaz hausnartzeko gonbita egingo dute jardunaldiek. Ikuspegi integratzaile horretan, zientzia, historia, kultura eta geoparkeetako herritarrak elkarrekin bizi dira", agertu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide