Bigarren Errepublikako azken udal korporazio demokratikoa omenduko du udalak

Julene Sorarrain

Bigarren Errepublikako azken udal korporazio demokratikoa omenduko du Zumaiako Udalak.

Tropa frankistak Zumaiara sartu zirenetik 90 urtera, Bigarren Errepublikako udal korporazioa omenduko du udalak. Irailaren 20an izango da ekitaldia, udaletxeko pleno aretoan, eta herritar guztientzat irekia izango da. 

Zumaiako Udalak 1931n eratutako udalbatza eta 1936ko altxamendu militarraren ondorioz kargutik kendu zituzten udal ordezkariak omenduko ditu irailaren 20an, tropa frankistak Zumaian sartu zirenetik 90 urtera. Ekitaldia 12:00etan izango da, udaletxeko pleno aretoan, eta herritar guztientzat irekia izango dela jakinarazi du. 

Udalak ohar bidez argitu du omenaldiaren testuingurua. Hain zuzen ere, 1936ko uztaileko altxamendu militarraren ondorioz, Zumaiako Udalaren jarduna eten egin zen, eta, tropa frankistak herrian sartu ondoren, ordura arteko udalbatza kargutik kendu zuten. Ekitaldian, Victoriano Arrate Loiola alkatearen eta 1931n harekin batera izendatutako hamar zinegotzien memoria gogoratuko dute: Victoriano Arrate Loiola, Juan Arratibel Larrañaga, Benigno Arrieta Larrañaga, Leon Esnal Alberdi, Martin Elorriaga Gomez, Gabriel Betondo Ostetxe, Zacarias Arrizabalaga Urdanpilleta, Sotero Azpeitia Orbegozo, Eduardo Zubia Egaña, Alejandro Lartigue Larrañaga eta Manuel Urruzuno Arrizabalagarena, hain zuzen. Haien izenak jasoko dituen oroigarri bat ere aurkeztuko dute, eta aurrerantzean udaletxeko pleno aretoan izango da ikusgai.

Senideei eta herritarrei gonbita

Udalak, bereziki, garai hartako udal ordezkarien senideak gonbidatu nahi ditu ekitaldira, eta bertaratzeko asmoa duten senideei aurrez jakinarazteko eskatu nahi zaie, ekitaldirako lekua gordetzeko, komunikazioa@zumaia.eus helbidera idatzita. Era berean, deialdia herritar guztientzat irekia dela jakinarazi du, eta udalak zumaiarrak gonbidatu ditu oroimen historikoa berreskuratzeko eta garai hartako udal ordezkariei aitortza egiteko ekitaldian parte hartzera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide