Hamazazpi jabetze eskola eta bederatzi elkargune eskainiko ditu Emakumeon Etxeak udazkenean

Maddi Txintxurreta

Zumaiako Emakumeon Etxeko kideak, programaren aurkezpenean. (Emakumeon Etxea)

Astelehenetik irailaren 17ra bitartean eman beharko da izena jabetze eskoletan. Irailaren 25ean ospatuko dute Emakumeon Etxearen bosgarren urteurrena, Olaia Inziarteren kontzertuarekin.

Dagoeneko zumaiarrek jaso dute etxeetan irailetik abendura bitartean Emakumeon Etxean izango diren jarduerak biltzen dituen liburuxka. Oraingoan, eskaintza nabarmen zabaldu dute, eta hamazazpi jabetze eskola (iaz baino bost gehiago), bederatzi elkargune (iaz baino bat gehiago) eta agenda zabala nahiz zenbait zerbitzu eskainiko dituzte. Irailaren 25ean, halaber, Emakumeon Etxearen urteurren festa egingo dute, izan ere, hil honetan bost urte beteko dira ateak ireki zituenetik. 

Jabetze eskoletan parte hartzeko izena eman behar da aurrez; astelehenetik irailaren 17ra arte egongo da horretarako aukera Emakumeon Etxean bertan edo zumaiakoemakumeonetxea.eus webgunean. Eskaintza askotarikoa da: ikastaro luzeak, laburrak, iraunkorrak eta berriak izango dira, eta dinamizatzaileek nabarmendu dutenez, egun bateko hainbat ikastaro labur eskainiko dituzte kurtso honetan; besteak beste, urpekaritza, tuppersex eta botikin naturala sendabelarrekin egiten ikasteko saioak.

Bestalde, aurreko ikasturteetako zortzi elkarguneak egonkortu dira –hezkuntza feminista, xakea, pala, futbola, xaboi komunitarioa, sorgin txokoa, eskubaloia eta mendi-irteerak–, eta berri bat ere sortu dute: Lotsa-rave DJ elkargunea, DJ mundua ezagutzeko eta kolektiboan musikarekin esperimentatzeko espazioa.

Agenda zabala eta anitza

Irailaren 25ean ospatuko dute Emakumeon Etxearen bosgarren urteurren festa. 19:00etan kontzertua eskainiko du Olaia Inziartek, eta mokadutxoa eskainiko dute ondoren.

Urteurren festatik aurrera, ia astero izango da ekintzaren batean parte hartzeko aukera. Hitzaldiak, liburu aurkezpenak, solasaldiak nahiz bakarrizketak izango dira abendura artean. 

Zenbait zerbitzu eskaintzen ere jarraituko dute: aholkularitza juridikoa eta arreta psikologikoa, besteak beste. Dinamizatzaileek nabarmendu dute zerbitzu horiek oso garrantzitsuak direla, eguneroko arazoei aurre egiten nahiz egiteko nahiz indarkeria egoeretan babesa izaten laguntzen baitie emakume ugariri. 

Ikusi programazioa osorik, hemen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide