Irailaren 19an ospatuko da aurten Zumaian olagarro preziatuaren bueltako festa. Udalak jada iragarri du egitaraua, eta jakinarazi du zapiak nahiz kamisetak salgai daudela jada Turismo Bulegoan; herri bazkariko txartelak, berriz, astelehenetik aurrera salduko dituzte. Helduek 12 euroan eskuratu ahal izango dituzte txartelak, haurrek, berriz, 8 euroan.
Aurreko edizioetan bezala, aurtengoan ere jarduera mordo bat izango da gastronomia eta itsas kultura ardatz dituen Olagarro Egunean. Kuadrillen arteko batel estropada izango da goizeko ekitaldi nagusia: aurten ere dozenaka taldek parte hartuko dute Olagarro Eguneko XVIII. Banderaren lehian. Irailaren 15era bitartean eman ahalko da izena batel estropadarako, Lubaki kiroldegian.
Distiraren eskutik, argazki rallya ere izango da beste urte batez Olagarro Egunean; aurtengoa, gainera, 20. edizioa izango da.
Olagarro brotxetak nahiz olagarroa patatekin salduko dituzten txosnak herriko zer gunetan izango diren ere argitu du udalak. Postu bana izango dira Amaia plazan, Saregile plazan eta Eusebio Gurrutxaga plazan, bi Erribera kalean, eta beste bat Gernika parkean; goizez bakarrik azken hori. Ohi bezala, herriko elkarte desberdinak arduratuko dira olagarroa prestatzeaz eta banatzeaz.
Eguerdian, berriz, herri bazkarian elkartuko dira herritarrak, herri eskolako aterpean.
Egitaraua
- 09:00-10:00. XX. Argazki rallya. Izen-ematea Alondegiko Oxford aretoan.
- 10:30-14:30. Eusebio Gurrutxaga plazan azoka.
- 10:30. Haur eta gaztetxoentzako jolasak, Itxas-Gain elkarteak antolatuta. Arbustiano arraunlaren parean, piraguak eta uretako jolasak; eta Gernika parkean, zinta harrapatzea bizikletan, eltzetoak puskatzea eta abar.
- 11:00-13:00. Gernikako parkean 6-10 urte bitarteko haurretzat Algorri Interpretazio Zentroko olagarro panpinen tailerrak. Aurrez izena eman behar da: info@algorri.eus edo 943-14 31 00 telefonoan.
- 11:00. Kuadrillen arteko batel estropada, Olagarro Eguneko XVIII. BANDERA, Telmo Deun arraun elkarteak antolatuta.
- Goiz partean, olagarroa patatekin eta brotxetak txosnetan.
- 11:00. Flyscheko olagarroa bisita gidatua euskaraz (gaztelaniaz 12:30ean).
- 11:00-14:00. Kofradia, arrainen salmenta aretoa ikusteko.
- 11:15. Hamaiketakoa, olagarro harrapatzaile izandakoentzat.
- 11:30. Herriko txistularien kalejira Astindu taldearekin.
- 12:30. Kalejira Zutrik trikitilarien eskutik.
- 17:00-19:00. Kofradia, arrainen salmenta aretoa ikusteko.
- Arratsaldez, olagarro brotxetak txosnetan.
- 18:30. Hamarru elektrotxaranga herriko kaleetan.
- 19:30. Kofradian, Olarro Eguneko XVIII. bandera emango zaie batel estropadako irabazleei.
- 22:30. Kofradian, erromeria Sutargi taldearekin.