Irailean sartzearekin batera, bueltan dira Uxue Alberdik gidatzen dituen Irakurri matte irakurle taldearen saioak. Abendura bitartean lau saio egingo dituzte, hilean bana, eta lehenengoa datorren asteartean egingo dute, irailaren 8an, Alondegiko Moila gelan. Kurtsoko lehen hitzorduan Elsa Morante idazle italiarraren Arturoren uhartea eleberria aztertuko dute. Saioa 18:00etan izango da.
Abendura arteko beste hiru liburuak ere iragarri dituzte dagoeneko, saioa heltzerako irakurrita izateko. Hala, urriaren 13rako Maja Haderlapen Ahazturaren aingerua, aukeratu dute; azaroaren 10erako Marikita Tambourinen Bizirik iraun eta abenduaren 15erako Josu Goikoetxea, Lakioa.
Gonbidatuak ere izan ohi dira saio horietan, eta udazkeneko bitan hala izango da. Urriko saioan, liburuaren itzultzaile izan den Idoia Santamariaren bisita izango dute, eta abendukoan Josu Goikoetxea idazlearena.