Irailaren 19an, larunbatez, jokatuko dute Olagarro Eguneko batel estropada, 11:00etan hasita. Itsas kiroldegitik abiatuta, Txomin Agirre kalearen pareraino joan-etorria egin beharko dute parte hartzaileek. Aurten, XVIII. bandera banatuko dute, eta udalak azaldu duenez, datorren asteartean, irailaren 1ean, zabalduko izen emate epea; Lubaki kiroldegian entregatu beharko da izen emate orria, irailaren 15era bitartean.
Ohi bezala, lau kidek osatutako taldeak eratu beharko dituzte parte hartzaileek, eta banderaren lehian sartu ahal izateko, gutxienez, horietatik bik zumaiarrak izan beharko dute. Talde bakoitzak arduradun bat izendatu beharko du, eta haren telefono zenbakia zehaztu. Antolakuntzak izen emate orriak jasotzean egingo du txanden zozketa, eta talde bakoitzari helbide elektronikoz bidaltzeaz gain, udalaren webgunean ere zintzilikatuko ditu.
Talde garaileak bandera eta Geoparkeak eskainitako bisita gidatua irabaziko dituzte. Horrez gain, udalak emakumeen parte hartzea sarituko du aurten ere, eta bandera berezia banatuko dute horien artean. Era berean, parte hartzaile guztien artean bisita gidatu baterako zozketa egingo dute.
Entrenamenduen aukera
Irailaren 1etik 15ra bitartean, Lasuna txalupa erabiltzeko aukera izango dute izena emandako taldeek. Entrenamenduetarako txalupa libre noiz dagoen kontsultatzeko, Turismo Bulegora idatzi edo deitu beharko dute parte hartzaileek, eta ordua erreserbatu. Horretarako, turismoa@zumaia.eus helbide elektronikora idatzi edota 943-14 33 96 deitu beharko da.