Irati Osa: "Ez da urte erraza izan, baina finkatutako helburuak lortu ditut"

Maddi Txintxurreta 2026ko abuztuaren 28a

Irati Osa, Sella ibaiko Nazioarteko Jaitsieran. (Utzitakoa)

Irati Osak (Zumaia, 1997) uzta oparoa bildu du udan: podiumetik gertu egon da Europako Txapelketan, urrea irabazi du Espainiakoan, eta bigarren egin du Sellaren Jaitsieran.

Europako Txapelketa, Espainiakoa, Sella ibaiaren jaitsiera… Uda bete-betea izan duzu. Nola zaude orain?

Astebeteko atsedenaldia hartu berri dut eta oso ondo etorri zait. Denboraldiaren zatirik handiena pasatu da eta, egia esan, gustura nago orain udaz disfrutatzen. Hala ere, etorriko diren erronkak buruan ditut eta horiei heltzeko gogoz nago.

Errumanian jokatu zenuen Europako Txapelketa. K2 kategorian gutxigatik ez zineten podiumera igo Eva Barrios eta zu, laugarren egin zenuten. Banakako proban, berriz, bosgarren sailkatu zinen. Emaitzekin konforme gelditu al zinen?

Aurtengo denboraldia bereziki zaila izan da niretzat, izan dudan zailenetakoa. Otsailean gaixo egon nintzen eta horri aurre egin behar izan diot urtean zehar. Zalantza askoko urtea izan da, beldur asko izan ditut. Ez dut gezurrik esango, ez da erraza izan, eta hala ere, finkatutako helburuak lortu ditut. Europako Txapelketari dagokionez, ondo prestatuta joan nintzen, pentsatu bezala egin genituen gauzak, baina K2an gorago sailkatu nahi genuen. Momentuan ahal genuena egin genuen eta horrela atera zitzaigun. Hala ere, gustura gaude, ezin dugu beti %100ean egon. 

Zeintzuk ziren finkatuta zenituen helburu horiek?

Nazioarteko txapelketetarako sailkatzea, baina bereziki, nire maila erakustea eta goi mailako kirolean eta lehia guztietan onenen artean egotea.

Gutxigatik, baina ez duzu lortu Munduko Txapelketara zuzenean sailkatzerik. Zeintzuk dira nazioarteko lehiaketa horretan parte hartzeko egin behar dituzun urratsak?

Hori da, ez genuen lortu mundialera sailkatzea. Orain [Espainiako] federazioaren zain nago, beraz, oraindik ez dakit maratoi modalitateko mundialean izango naizen. Hala ere, badut beste helburu bat. Aurten, Itsas Kayakaren Munduko Txapelketa La Vila Joiosan da (Alacant, Herrialde Katalanak), eta hor parte hartzeko ez da sailkapen probarik gainditu behar, irekia da. K2ko proba mistoa izaten da, Espainian punta-puntan dabilen Javi Lopezek galdetu zidan ea prest ote nengoen binakako proban harekin parte hartzeko, eta baiezkoa esan diot. Urrian izango da txapelketa hori eta maila absolutuan lehiatuko gara Javi Lopez eta biok. Erronka izango da niretzat; kirol bera da, baina beste modalitate bat, eta gogotsu nago. 

Alde handia al dago ibaian eta itsasoan aritzearen artean?

Niretzat, bai. Itsasoan ez naiz apenas murgildu; surfa egin nuen txikitan, baina piraguarekin ez dut inoiz modalitate horren bueltan ezer egin. Aukera polita da ikasteko, urrira arteko epea daukat horretarako. Gainera, Javik asko ezagutzen du itsasoko mundua. Binakako proban, normalean mutila aurrean joaten da, pisuagatik; beraz, nire lana Javiri ahalik eta ondoen jarraitzea izango da.

Abuztuko lehenengo astean urrezko dominarekin itzuli zinen Asturiasko (Espainia) Trasona urtegitik. K2 ontziarekin irabazi zenuen domina hori, Begoña Lazkanorekin batera. Zure espezialitatea ez al da maratoia? 

Esprinta eta maratoia, biak uztartzen ditut. Egia da gehiago zentratzen naizela maratoian, baina beti joaten naiz abiadura txapelketetara.

Garaipen garrantzitsua izan al da zuretzat?

Bai. Begoñarekin K2000 egin dugun guztietan urrea lortu dugu. Denboraldi gogorra izan da biontzat, eta gogoak genituen K2a elkarrekin egiteko, beste urteetan bezala urrea lortzen saiatzeko. Indarrak batu genituen eta urrezko domina lortu genuen beste urte batez. Ilusio handia egin zigun ikusteak borrokan jarraitzen dugula, urtea zaila izan den arren. 

Sella ibaiaren 88. Nazioarteko Jaitsieran zilarrezko domina eskuratu zenuen seniorren K1 proban. Zer garrantzia du Asturiasko hitzorduak piraguistentzat?

Sellako proba absolutuan podiuma lortzea munduko txapelketa batean podiuma lortzearen parekoa da. Guretzat, izan ere, Sellaren Jaitsiera mundial baten modukoa da. Sekulako oihartzuna du, mundialak baino gehiago, esango nuke. Ez da lasterketa erraza. Milaka pertsonak parte hartzen dute. Irteera agindu baino lehenago hurrenkeran jarrita egoten gara, eta neskok ia beti atzean egoten gara. Irteeran pilaketak sortzen dira, batzuk zure ondoan erortzen dira, gurutzatu egiten dira... ez da erraza. Oso urduri nengoen irteeran. Ibaia oso ondo jaisten dut, ibilbideko 20 kilometroak buruz dakizkit; badakit non dagoen harria, nondik pasatu behar dudan, pasagune guztiak dakizkit. Erronka zen irteera ondo eta ahalik eta azkarren egitea. Azkar igo nintzen piraguara, baina ondokoak ezegonkortu egin ninduen eta segundo batzuk galdu nituen; beraz, bigarren abiatu nintzen. Indarrak gordetzen saiatu nintzen amaieran gogor eman eta lehenengoa harrapatu ahal izateko, eta ia-ia lortu nuen: hamar segundo lehenago amaitu zuen. Oso gustura nago emaitzarekin, aurtengoarekin lau urtez jarraian lortu baitut Sellaren Jaitsierako podiumera igotzea.

La Vila Joiosako probaz gain, ba al duzu beste erronkarik epe laburrean?

Asteburu honetan txapelketa herrikoiak ditut, eta hurrengoan Espainiako maratoiko ligako azken proba, Toledon, 10 kilometrokoa. Bestalde, irailaren 12ko asteburuan Itsas Kayakaren Espainiako Txapelketarako sailkapen proba daukat. Proba horretan lehenengo bien artean sailkatzen banaiz, gastu guztiak ordainduta parte hartu ahal izango dut mundialean, baina bestela ere berdin-berdin parte hartuko dut. Gero, bai, Munduko Txapelketa izango da erronka nagusia. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide