Arantxa Tapia: "'Euskal Y'-a korridore atlantikoaren zati bat da, eta inoiz ez zaio behar zuen lehentasuna eman"

Iñaki Petxarroman (Berria) 2026ko abuztuaren 27a

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburu ohia. (Jon Urbe / Foku)

Abiadura Handiko Trenaren babesle handia izan da Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburu ohia. Zumaiako bizilaguna euskal Y-aren egoeraz mintzatu da Berria-n egin dioten elkarrizketan.

Zortzi urtez arduratu zen Arantxa Tapia (Astigarraga, 1963) euskal Y-aren egoeraz Eusko Jaurlaritzako sailburu gisa. Kexu da, iritzita Madrilek eta Parisek ez diotela behar besteko bultzada eman azpiegitura horri. Besteak beste, horregatik dabil oraindik amaiera ikusi ezinda.

Nola da posible 2010eko hamarkadaren hasieran bukatu asmo zen obra bat oraindik bukatu gabe egotea?

1994an egin zen Essen-eko goi bileran adostu zen Europako trenbideko ardatz atlantikoak 2010. urterako bukatuta egon behar zuela. Euskal Y-a korridore horren zati bat da, eta ez zaio inoiz eman behar zuen lehentasuna, ez aurrekontuan, ez bultzada politikoan. Baina ez da euskal Y-a bakarrik, ardatz horren garapena erabat atzeratuta dago bai estatu espainolean bai frantsesean, eta ardatz horretako herri guztiak nazioarteko lotura eta garapen ekonomikotik urrunago gaude, lehiakortasuna galduta.

Zure ustez, zeren ondorio da atzerapen hori?

Estatuko trenbide azpiegituraren planifikazioa beti garatu da Madrildik, era erradialean. Beraz, ez zaio lehentasunik eman ardatz atlantikoaren garapenari eta izaera estrategikoari; garaian garaiko interes politikoen arabera, aurrekontuak eta ahaleginak beste lekuetako azpiegituretarako izan dira; argi utzi dute ez zegoela planifikaziorik. Beste arrazoi batzuk ere badaude: krisialdi ekonomikoak eta ETAren mehatxuak, esaterako.

Espainiako kolore askotako gobernuak dira obra atzeratu izanaren erantzuleak?

Egutegiari begiratzen badiogu, argi ikusten da Madrilen kolore askotako gobernuak egon direla. Euskal Y-aren lehen proiektuak 1980ko hamarkadakoak dira, eta Jaurlaritzaren eta ministerioaren arteko lehen akordioa, berriz, 2006koa. Eta azpiegiturako obren erritmoari erreparatuta, ikusten da gorabeherak ere izan direla, momentuko bultzadak eta ondorengo motelaldiak. Hau da, behin obrak hasi eta gero, ez da behar adinako erritmo zorrotzik mantendu, eta, horren ondorioz, planifikazioak eta epeak etengabe atzeratu dira.

(Jarraitu irakurtzen Berria-ren webgunean)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide