Zumaiako Udalak, Euskal Kirol Federazioen Batasunarekin (EKFB) elkarlanean, Eskola Kiroleko Monitore Laguntzailearen (MADE) prestakuntza Zumaian egiteko aukera eskainiko du udazkenean.
Udalak jakinarazi duenez, azken asteetan egindako lanaren eta herrian sortutako interesaren ondorioz, 70 pertsona inguruk prestakuntzarekiko interesa adierazi dute, eta, horrenbestez, ikastaroa Zumaian egitea erabaki dute.
MADE prestakuntza eskola-kirolean edo kirol-hastapenean monitore edo entrenatzaile gisa aritzen diren eta jarduera horretarako eskatzen den titulazio ofiziala oraindik ez duten pertsonei zuzenduta dago.
Udalak ohartarazi duenez, MADE prestakuntzak ematen duen gaikuntza behin-behinekoa da, beraz, ikastaroa gainditzeak ez du behin betiko kirol titulazio profesionala ordezkatzen: 2027ko azaroaren amaiera baino lehen dagokion titulazio ofiziala eskuratu beharko dute eskola-kirolean monitore edo entrenatzaile gisa lan egin nahi dutenek. Hala ere, MADE gainditu ondoren dagokion kirol-modalitateko teknikari-prestakuntza eginez gero, titulazioa osatzeko bloke espezifikoa eta praktikaldia bakarrik egin beharko dute herritarrek.
Irailaren 19an sarbide proba
Prestakuntzak hainbat fase izango ditu. Lehenik, sarbide proba egin beharko da, irailaren 19an, goizez, Aitzuri pilotalekuan. Proba gaindituta, online ikastaroa irailaren 21ean hasiko da. Ondoren, ohiko azterketa presentziala urriaren 23an egingo da Zumaian.
Ohiko deialdian gainditzen ez dutenek ezohiko azterketa azaroaren 13an egiteko aukera izango dute.
Izena emateko galdetegia
Ikastaroan izen-emateko azken eguna irailaren 15a da, eta matrikularen prezioa 80 eurokoa da. Ikastaroa euskaraz egin eta gaindituz gero, matrikularen zenbatekoa itzuliko da.
Izena emateko, esteka honetan aurkitu daitekeen formularioa bete eta eskatutako dokumentazioarekin batera ekfb@euskalkirola.eus helbidera bidali beharko da.