Arraunean hasi nahi duten haurrei eta gaztetxoei zuzendutako bilera egingo dute irailaren 7an

Maddi Txintxurreta 2026ko abuztuaren 27a

Telmo Deuneko emakumeen trainerua, Zarauzko Ikurriña estropadan. (Arnaitz Rubio Aprea)

12 eta 17 urte arteko haurrei eta gazteei zuzendu zaie Telmo Deun arraun elkartea, arraun egiten ikasi eta klubeko ontzietan aritzeko. 

Zumaiako Telmo Deun arraun elkarteak harrobia indartzen segitu nahi du, horregatik, dei berezia egin die klubak Zumaiako eta inguruko herrietako haurrei eta gazteei arraunean aritzeko, kirola ikasi eta etorkizun hurbil batean Zumaiako ontzietan aritzeko. Irailaren 7rako antolatu dute lehenengo bilera interesa izan dezaketen gazteekin: 18:00etan izango da, arraun elkartean.

Bestalde, elkartekoek jakinarazi dutenez, 12 urtetik beherako haurrak ere hartuko dituzte, nahiz eta horiek ezin duten Gipuzkoako batel denboraldian parte hartu. Hala ere, horiei zuzendutako arraun topaguneak izaten direla gogorarazi dute.

Herritarrek informazio gehiago lor dezakete 623 48 32 78 telefonora deituta, telmodeunae@gmail.com posta eletronikoko helbidera idatzita, Instagram bidez @telmodeun_ae kontuan, eta klubak Itsas kiroldegian duen lokalera bertaratuta. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide