San Bartolome eguna ospatzen ari dira gaur oikiarrak, eta ohiturari jarraituz, asto probak jokatu dituzte arratsaldean. Beste urte batez, ikusmin handia sortu du ekitaldiak, eta bertaratu direnek gogotsu jarraitu dute lehia. Guztira, lau izan dira proban parte hartu astoak, eta Ibai Iruretagoienarena nagusitu da, 67 plaza, bi zinta eta 3,88 metro eginez hogei minutuko saioan
Iruretagoiena bera aritu da itzain lanetan, Unai Egañarekin batera. Arratsaldeko hirugarren parte hartzaileak izan dira, eta aurretik arituko bien marka irauli dute nabarmen. Bertol eta Ander Etxabek ekin diote probari, baina lehiatik kanpo, eta 49 plaza, bi zinta eta 0,66 metro lortu ditu haien astoak. Ondoren, Joseba Iñaki Etxaideren astoaren txanda izan da, eta honek 51 zinta lortu ditu.
Azkenik, Peio Etxabe aritu da lehian, Unai Gijarro lagun zuela, eta honen astoak emozioa eman dio proba azken unera arte. Hasiera ona eman dio eta erritmo onean aritu da lanean, baina garailearengandik plaza batera geratu da, 66 plaza osatuta.
Egitaraua
Bihar, asteartea
- 11:00-14:00. Adin bateko eta besteko umeentzat puzgarriak.
- 14:00. Umeen bazkaria.
- 15:30. XVIII. Karrikotxe jaitsiera.
- 17:00. Askotariko ekintzez osatutakoa guneak (ur jolasak, eskulanak, abileziak, argazki txokoa).
- Ondoren, txokolatada.
- 20:30. Afari legea plazan (norberak ekarrita), eta jarraian karaokea.
- 21:00. V. Zokormazo afaria.
Abuztuak 28, ostirala. San Agustin eguna / Blusa eguna
- 11:00. Meza.
- 12:00. Herritarren arteko herri kirolak.
- Goizean zehar, Enaitz Alberdi eta Erkizi trikitilariak.
- 14:30. Paella jana.
- Bazkalondoren, bingoa.
- 17:00. Umeen txokoa GUKAren eskutik.
- Arratsaldean, Auxtinpotin.
- 22:30. Erromeria Izer eta Alabier trikitilariekin.
- Gauerdian, Txin-txin herrikoia.