54. Dinastia Etxabe txapelketaren zesta puntako bi finalerdiak jokatuko dituzte gaur, 21:00etatik aurrera, Zumaiako Aitzuri pilotalekuan. Gaurko partiden irabazleak sailkatuko dira osteguneko final handira. Lehen finalerdian Erik eta Uranga Etcheberry eta Kanpandegiren aurka ariko dira, eta bigarrenean, Cosme eta Salegi Aaron eta Aldazabalen aurka.
Ibilbide luzeko puntisten esperientziaren eta indartsu datozen jokalari gazteen arteko lehiaz gozatu ahal izango dute gaur Aitzuri pilotalekura hurbilduko diren zaleek. Lehenengo finalerdian, Erikek urte askotako esperientzia erakutsiko du kantxan. Bere ibilbidearen azken txanpan dagoen aurrelaria da, urteetan zehar txapelketa eta garaikur ugari irabazitakoa. Atzean Uranga izango du, afizionatu mailako atzelaririk aipagarrienetako bat.
Bikote gazteagoa osatzen dute, aldiz, Etcheberry aurrelariak eta Kanpandegi atzelariak. Azkarra da Etcheberry, eta kolpearen indarragatik nabarmentzen da Kanpandegi.
Bigarren finalerdian ere esperientziaren eta gaztetasunaren arteko kontrastea izango da protagonista. Aurreko koadroetan antzeko ezaugarriak dituzten bi puntista izango dira aurrez aurre, Cosme zein Aaron. Atzean, 36 urte dituen Salegi ariko da; esperientziadun puntista segurua, eta haren aurka, Aldazabal, indarra erakutsi nahi duen gaztea.
Ostegunean finalak
Gaurko bi finalerdietako irabazleek ostegunean, abuztuaren 27an, Aitzuri pilotalekuan jokatuko dute zesta puntako finala. Egun horretan, 21:00etatik aurrera, txapelketako hiru finalak jokatuko dituzte: lehenik zesta-puntakoa, ondoren eskuzko gazte mailakoa eta, amaitzeko, eskuzko elite mailako finala.