Oikiako jaiak hasiko dira gaur iluntzean, eta herritarrei auzo horretara joan-etorriak errazteko, autobus zerbitzua indartuko dute. Hain zuzen ere, abuztuaren 22an, 23an eta 28an UK07 linearen zerbitzuak indartuko dira.
Iaz bezala aurten ere, autobus zerbitzu berezia egongo da larunbatetik iganderako goizaldean Zumaiara itzultzeko. Hain justu, 04:00etan abiatuko da autobusa Oikiatik, Guascor Energy enpresaren ondotik. Bertan jasoko ditu Zumaiara itzuli nahi duten bidaiariak, autobusa ez baita herrigunetik igaroko.
Gainerakoan, Zumaia eta Oikia lotzen dituen UK07 linearen ohiko zerbitzua mantenduko dute, eta beharra egongo balitz, autobus handiagoak jarriko lituzke.