Zehaztuta geratu dira 54. Etxabe Dinastiako eskuzko finalak

Julene Sorarrain 2026ko abuztuaren 21a

Atzoko jardunaldiko irudi bat. (utzitakoa)

Perez eta Elola, jubenil mailan, eta Oihan Etxeberria eta Elorz, elite mailan, abuztuaren 27an jokatuko diren finaletarako sailkatu dira. Datorren astelehenean, berriz, zesta puntako finalerdiek hartuko dute Aitzuri pilotalekua.

Zumaiako 54. Dinastia Etxabe Txapelketak dagoeneko baditu eskuzko modalitateko finalistak: Perez eta Elola, jubenil mailan, eta Oihan Etxeberria eta Elorz, elite mailan, datorren abuztuaren 27an jokatuko diren finaletarako sailkatu dira. Bigarren finalerdiek ikusle ugari bildu zituen atzo iluntzean Aitzuri pilotalekuko harmailetan, eta giro bikaina izan da bi partidetan zehar.

Jubenil mailan, Perez eta Elolak 22-12 irabazi diete Oses eta Olanori. Hasieran, Perez eta Elola 0-4 aurreratu ziren, eta ondoren 1-7, Oses eta Olano oso goiz markagailuan atzetik joatera behartuz. Gorriek aldeak murriztea lortu zuten une batzuetan, baina Perez eta Elolak berriro ihes egin zuten. 7-12tik 9-18ra igaro zen markagailua, eta alde horrek finalerdia oso bideratuta utzi zuen. Oses eta Olano azken zatian erreakzionatzen saiatu baziren ere, Perez eta Elolak partidaren kontrolari eutsi zioten 12-22koa jarri eta finalerako txartela eskuratu arte. Bikote irabazleak, hortaz, Landa eta Salinasen aurka neurtuko ditu indarrak finalean.

Elite mailako finalerdietan, Oihan Etxeberriak eta Elorzek 22-13 irabazi zieten Arribillaga eta Santestebani. Arribillaga eta Santestebanek lehen aldea irekitzea lortu zuten, 8-4koa jarrita, baina hortik aurrera iritsi zen urdinen erreakzioa. Etxeberria eta Elorzek partida berdintzea lortu zuten, eta 12-12ra iritsi ziren. Une horretan hautsi zen behin betiko finalerdia. Urdinek partzial sendoa egin zuten, 12-12tik 12-20ra igarota, eta partida ia erabakita utzi zuten behin betiko 13-22koa iritsi aurretik. Etxeberriak eta Elorzek, beraz, Beitia eta Apeztegiaren aurka jokatuko dute final handia.

Astelehenean, zesta puntako finalerdiak

Datorren astelehenean, berriz, zesta puntako finalerdiek hartuko dute Aitzuri pilotalekua. Txapelketako hitzordu nagusietako baten atarikoa izango da, izan ere, abuztuaren 27an, ostegunean, 21:00etatik aurrera, 54. Dinastia Etxabeko eskuzko finalak jokatuko dira.

Ostegun honetan izandako giroa eta ikusle kopurua ikusita, finalen jardunaldian ere Aitzurin ikusleen erantzun handia izatea espero da. Pilotalekura joaterik ez dutenek finalak zuzenean jarraitu ahal izango dituzte ostegunean Kirolzale TVren YouTube kanalaren bidez

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide