Maialari eustea izango da Zumaiakoren lehen bi taldeen helburua denboraldi berrira begira

Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 16a

Aste honetan ekin dio Zumaiakoren Euskal Ligako emakume seniorrek denboraldi aurreko lanketari. (Zumaiako F.T.)

Hilabete barru hasiko dute futbol denboraldi berria Euskal Liga lehiatzen ari diren Zumaiako Futbol Taldeko emakumeen zein gizonen taldeak. Aurreko denboraldirik hona bajak izan dira bi taldeetan, hutsuneak jubenilekin osatu dituzte. Javi Pinilla Zumaiakoren kirol zuzendariak egin du denboraldi berriko errepasoa.

Futbol denboraldia hasteko oraindik asteak falta dira, baina hura prestatzen buru-belarri dabil Javi Pinilla, Zumaiako Futbol Taldeko kirol zuzendaria. Urtean zehar lanpetuen egoten den garaia dela dio zumaiarrak. "Taldeak muntatu behar diren garaia da, entrenatzaileak aurkitu, fitxak egin, taldeak apuntatu, kurtso desberdinak egin behar dira, eta orain izaten da horren garaian. Eta lan hori niri dagokit", dio goilaratxoarekin kafeari bueltak ematen dizkion bitartean. 

Denboraldi berriaz hitz egiten jarri aurretik, aurrekoaren balorazioa egin du kirol zuzendariarekin. "Mutilen jubenil taldearekin Euskal Ligara igotzea lortu genuen; hura zen denboraldiko helburu nagusiena. Urte asko gindoazen Euskal Ligan egon gabe, eta erraz lortu zuten helburua". Pinillak goraipatu du emakumeen zein gizonen jubenil taldeak arituko direla aurten Euskal Ligan, "eta ez dakit hori Zumaiakoren historian aurretik gertatu den". Beste taldeez hitz eginda, kadete batek eta senior mailako bigarren taldeak maila galdu zutela dio. "Baina azkenean gertatzen diren gauzak dira. Ez genuen helburu oso zorrotzik. Jubenilak igotzea nahi genuen, eta besteek futbolean giro onean aritzea". 

Lehen taldeei dagokionez, gogoan du Pinillak emakumeen taldeak, Euskal Ligan egindako urtean, mailari ondo eutsi ziola, "emaitza onekin, eta alde horretatik primeran aritu ziren emakumeak. Gizonak, bere aldetik, igo zirenetik lauzpabost urte doaz sailkapeneko goiko postu doaz jaisteko arriskurik gabe. Ondo lehiatu ziren biak ere".

Aurtengora begira, jokalari askok taldea utzi dutela azaldu du Pinillak, "bai gizonetan, bai emakumeetan ere. Taldeak berritu behar izan ditugu. Gizonetan, jubenil mailako belaunaldi on bat genuen, eta jokalari haietako batzuk igo ditugu lehen taldera. Emakumeetan, berriz, iaz baino jokalari gutxiago izango ditu, batzuk utzi egin dutelako". Entrenatzaileei dagokionez, iaz gizonen taldearen ardura hartu zuen Iñigo Mendiak jarraituko du, baina emakumeetan aldaketa izango da, eta Aritz Arruabarrena izango da senior kategoriako emakumeen entrenatzailea.

Pixkanaka entrenamenduak hasi dituzte Zumaiakoko taldeek. Hala, aste honetan bertan hasi dira lanean Euskal Ligan arituko diren emakumeak. Lehen partidak, gizonek zein emakumeek,i irailaren 13an jokatuko dituzte. Denboraldi berrira begira, aurreko denboraldian maila galdu zuten bi taldeek kategoria berreskuratzea nahiko luketela dio, Pinillak, "baina presio handirik jarri gabe". Goiko taldeei dagokionez, denboraldi berriko helburua maila ez galtzea izango litzatekeela dio kirol zuzendariak. 

Denboraldi aurreko lanetan, lagunarteko partidak ere sartzen dira, eta horiek lotuta dituztela dio Pinillak. Lehen partida datorren larunbatean, hilaren 22an, jokatuko du gizonezkoen Ohorezko Erregional Mailako taldeak, etxean, Deustoren aurka. 

Hamasei talde guztira

Beste kategoriatan ere baja dezente izan direla esan du Pinillak. "Hori ni kirol zuzendari lanean nabilenetik lehendabizikoz gertatu da". Hala, gizonetan aurten iaz baino talde bat gutxiago aterako dutela dio Zumaiakoko jokalari ohiak. "Baina, aldi berean, emakumezkoen beste bat aterako dugu". Hamasei talde aterako dituzte guztira, horietatik 11 gizonezkoenak izango dira, eta bost emakumezkoena. Guztira, futbol eskola kontutan hartuta, 600 bat lagunek jantziko dute Zumaiakoren kamiseta gorria. 

Denboraldiari begira ilusionatuta daudela esan du kirol zuzendariak. "Etxeko entrenatzaileen aldeko apostua egin dugu. Klubean urtean daramatzaten jokalariak entrenatzaile tituluak ateratzera animatu ditugu. Alde horretatik ilusioa dugu, entrenatzaile askorentzako erronka bat izango delako".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide