Kantabria aldera egin zuen atzo Itxas Gain klubeko piraguista talde batek. Villa de Santoña nazioarteko itsas kayak probaren hirugarren aldia zen atzo jokoan. Kantabriako VI. Itsas Kayak txapelketa ere izan zen atzoko hitzordua. Bertan, Zumaiako piraguismo klubeko kideek emaitza onak lortu zituzten, eta horiei esker taldekako lehen postuari dagokion saria jaso zuten.
K1ean, maila absolutoan, Maite Etxabe lehena izan zen. 23 urtez azpikoetan, gizonetan, Asier Aizpurua lehena izan zen eta Haritz anaia bigarren. Beterano B mailan, Iñaki Fernandez lehena izan zen, Oier Aizpurua bigarren, Iosu Agirrezabalaga hamargarren eta Josu Etxaniz hemezortzigarren. K2 mistoan, berriz, Amaia Aizpurua eta Iosu Urbistondo azkarrenak izan ziren.
Emaitza horiei esker, Itxas Gainek 184 puntu lortu zituen, eta lehena izan zen taldekako sailkapenean, Piraguismo Santander eta Kayak Bahia de Santoña kluben aurretik.