Urtero, azken hamarkadetan, Kuadrilla Eguna ospatu izan da Zumaian abuztuko hirugarren asteburuan. Aurten, hileko hirugarren larunbata jaieguna delako –Ama Birjin eguna da gaur–, festa atzeratzea erabaki du udalak. Datorren larunbatean Oikian dituzte jaiak, eta horregatik hileko azken larunbatera aldatu dute data. Hala, abuztuaren 29an egingo dute aurtengo Kuadrilla Eguna.
Honakoa da hilaren 29rako prestatutako egitaraua:
- 17:00. Puzgarriak eta jolasak Eusebio Gurrutxaga plazan.
- 18:30. Ustekabe txaranga Eusebio Gurrutxaga plazan.
- 19:00. Diskofesta gaztetxoentzat Torreberrin.
- 21:00. Ainhoa Urteaga eta taldearen kontzertua Amaiako plazan.
- Ondoren, erromeria Olgetan taldearekin, Amaiako plaza.
Dardara Festik ere ez
Datarena ez da izango aldaketa bakarra. Kuadrilla Egunarekin batera egiten zen Dardara Fest rock jaialdia. Bospasei talderen kontzertuak entzuteko aukera izaten zen Amaiako plazan, doan. Aurten, baina, jaialdia ez antolatzeko erabakia hartu du Dardara Musika Kolektiboak. Kuadrilla Egunarekin batera egitea baztertuta, taldeak ez du esan oraindik udazkenean egingo duen edo ez.