Zumaiako txalupa zerbitzua Mugi txartelarekin ordaindu ahal izango da astelehenetik aurrera

Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 14a

Azahara Dominguez diputatua eta Iñaki Ostolaza alkatea, Zumaiako portuan. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Txalupako erabiltzaileei bidaiak merkeago aterako zaizkiela adierazi dute aldundiko eta udaleko ordezkariek. Mugi txartelak kargatzeko beste puntu bat ere ezarri dute herrian. 

Zumaiako itsasadarrean lan egiten duten txalupetako bidaiak Mugi txartelaren bidez ordaindu ahal izango dira astelehenetik aurrera. Hala iragarri du Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak.

Txalupak bi zerbitzu eskaintzen ditu gaur egun: moila eta Santiago hondartza artekoa lehena, eta moila eta Sarauneko zabalgunea artekoa bestea. Bigarren gune hartan kokatzen da doako aparkalekuetako bat. Aldundiak azpimarratu duenez, MUGI txartelaren erabiltzaileek "tarifa sistema integratu horrek eskaintzen dituen abantaila guztiak baliatu ahal izango dituzte". Zentzu horretan, tarifak honakoak izango dira: noizbehinkako txartelak 1,45 euroko prezioa izango du; Mugi anonimoarekin 0,58 euroko kostua izango du bidaiak. Mugi pertsonalizatua izanda, kostua 0,44 eurokoa izango da hileko lehen 20 bidaietan, 0,36 eurokoa 21. eta 50. bidaietan, eta 0,09 eurokoa 51. bidaiatik aurrera.

Dominguez diputatuaren arabera, Zumaiako motora Mugi sisteman integratzea "mugikortasun errazago, erosoago eta bidezkoago baterantz aurrera egitea da erabiltzaile guztientzat; izan ere, ontzi hori erabiltzea merkeagoa izango da pertsona askorentzat, eta, aldi berean, hain jendetsua den eremu horretatik ibilgailuak kentzen lagunduko du".

Zumaiako zerbitzua sistema horretan integratzea udaberrian onartu zuen Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak, eta baiezkoa eman zion, ahobatez, pasa den apirilean egindako Zumaiako Udaleko udalbatzarrak. Asmoak asmo, ordainketak egiteko datafonorik ez zegoelako hilabete batzuetako atzerapena izan da. Tarifak bateratzerako orduan ere arazoak izan dira.

Mugi txartela kargatzeko puntua

Begi Bistan enpresak Moilaberri Estazioaren atzean zabaldu duen lokalean kargatu ahal izango dira aurrerantzean Mugi txartelak. Azahara Dominguezen esanetan, txartel anonimoak erosteko aukera ere izango da bertan. "Zumaiako Begi Bistanen instalazio berriak sare horretara gehitzearekin, hura indartzen jarraitzen dugu, sinetsita baikaude Mugira sartzea zenbat eta errazagoa izan, orduan eta pertsona gehiagok baliatu ahal izango dituztela haren abantailak eta mugikortasun-eredu jasangarriago baten alde egingo dutela”, adierazi du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide