Etxabe Dinastiako final laurdenetako azken jardunaldia jokatuko dute gaur

Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 13a

Aitzurin jokatutako partida beteko irudia. (Javier Carballo)

Etxabe Dinastiako final laurdenetako laugarren eta azken jardunaldia jokatuko dute gaur Aitzuri frontoian. Jubenil eta elite kategorietako partida bana jokatuko dute 21:00etik aurrera. 

Finalerdien atarian da dagoeneko Etxabe Dinastia. Gaur jokatuko dute final laurdenetako laugarren eta azken jardunaldia Aitzuri frontoian, 21:00etan hasita. Gaur emango diren emaitzekin erabakita geratuko da kategoria bakoitzean zer lau bikote neurtuko diren datorren astean txapelketako finalerdietan. 

Gaurko jardunaldian ere bi partida jokatuko dituzte. Jubeniletan, Perez-Elolak eta Aldaz-Ibarzabal izango dira aurrez aurre; elite mailan, berriz, Oihan Etxeberria-Elorz eta Iker Egiguren-Bernaola ariko dira kantxan.

Jubeniletako partidari dagokionez, Perez sake indartsuagatik eta pilotari ematen dion abiaduragatik nabarmentzen da, eta faktore hori arma garrantzitsua izan daiteke gaurkoan. Beste aldean, Pablo Aldaz izango da arreta-gune nagusietako bat. Nafar aurrelaria bere mailako pilotaririk onenetakoa da, eta aurrean pilota duenean tantoak amaitzeko duen gaitasuna ezaguna da.

Elite kategoriako partida, bere aldetik, txapelketako partida erakargarrienetako bat izango dela aurreikusten dute adituek. Egiguren eta Bernaola bikote oso sendoa osatzen dute. Duela aste gutxi Antton Pebet Memorialeko txapeldun izan ziren, eta elkar ezin hobeto osatzen dute. Beste aldean, Oihan Etxeberriak txapelketako aurrelaririk ikusgarrienetako baten papera izango du.

Ondoren, txapelketa azken txanpan sartuko da. Abuztuaren 17an eta 20an jokatuko dira finalerdiak, eta abuztuaren 24an zesta-puntako finalaurrekoak izango dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide