Paella txapelketa antolatu du Gazte Asanbladak larunbaterako

Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 12a

Paella.

Hamar bikotek hartuko dute parte eta Torreberri Gaztetxean egingo dute jarduera. Egindako paellekin bazkaria egingo dute. 

Ohikoan, aurreko abuztu askotan gertatu bezala, Kuadrillen Eguna egingo zen Zumaian, baina aurten larunbata Ama Birjin eguna delako, herriko kuadrillen festa abuztuaren amaierara lekualdatzea erabaki zuen udalak. Hala, normalean hileko hirugarren larunbatean egiten den festa abuztuaren 29an egingo dute aurten. 

Larunbateko egutegia hutsik ez uzteko, Zumaiako Gazte Asanbladak egoki ikusi du zapaturako paella txapelketa antolatzea. Izen-ematea duela astebete inguru zabaldu zuten, eta hamar bikotek azaldu dira prest beraien paellak prestatzeko. 

Jarduera Torreberri Gaztetxean egingo dute larunbatean, hilaren 15ean. Eguerdiko 11:30ean hasiko dira lanean, eta bi ordu eta erdiko denbora izango dute arroza prestatzeko, 14:00etatik aurrera egingo dutelako lehiaketara aurkeztutako paellen dastatzea. Sari banaketa ere orduan egingo dute. Ondoren, txapelketara aurkeztutako paellekin bazkaria egingo dute, eta haren amaieran bingoa eta kantu poteoa egingo dute herriko kaleetan zehar. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide