Udako azken festa eguna izan ohi da Olagarro Eguna. Aurten irailaren 19an, larunbatez, ospatuko dute olagarroa protagonista duen jaia Zumaian, eta aurreko urteetan egin bezala, antolatzaileek dei egin diete herriko elkarteei festaren antolakuntzan lagundu dezaten. Zehazki, herriko hainbat gunetan jarriko dituzten txosnetan edo plazan egingo den herri bazkarian lan egiteko laguntza beharko du udalak.
Erakundeak jakitera eman duenez, honako hauek dira egun horretan egin beharreko lanak:
- Txosnetako lana: txosna bakoitzeko talde bat. Ostiralean talde bakoitzetik hogei lagun (16 urtetik gorakoak), gutxienez, olagarroa mozteko eta brotxetak egiteko bildu beharko dira. Larunbatean, berriz, 09:00etatik 23:00etara egin beharko dute lana, eta txosna bakoitzean 15-20 lagun aritu beharko dira.
- Herri bazkaria zerbitzatzea: talde batentzat lana. Lan horren ezaugarri nagusiena da 400 laguni bazkaria zerbitzatzeko beharrezkoak diren azpiegiturak eta tresnak ezartzea, bazkaria ateratzea, txartelak jasotzea eta karpara sarrera zaintzea, baita bazkaldu ondorengo txukuntze eta jasotze lanak (25 bat lagun) gauzatzea ere. Muntatze-desmuntatze lanen koordinazioa udalaren eta herri bazkariko eta txosnetako kudeatzaileen artean egingo da.
Deialdian parte hartzeko interesa duten taldeek edo elkarteek baldintza batzuk beharko dituztela ere adierazi dute antolatzaileek. Zumaiaren edota zumaiarren onurarako, kirol, kultur edo gizarte mailan, etekin ekonomiko propiorik gabe, modu iraunkorrean lan egiteko eratutako elkarteak izan beharko dute, eta elkarte horiek udalak herriko taldeei diru laguntzak emateko onartutako oinarri berak bete beharko dituzte. Gainera, taldetako kideek euskaraz jarduteko gai izan beharko dute, eta edariak banatzen ez dira jardungo adin txikiko herritarrak.
Interesdunek Zumaiako Udaleko Turismo sailarekin jarri beharko dute harremanetan, 943-14 33 96 telefono zenbakira deituta edo turismoa@zumaia.eus helbide elektronikora mezua idatzita. Eskabideak aurkeztekoa epea hurrengo asteazkenean, abuztuaren 19an, itxiko dute.