Zabaldu dute Victor Rios artista mexikarraren erakusketa Oxford aretoan

Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 8a

Victor Rios, gaurko erakusketaren irekieran. (Miriam Romatet)

Victor Rios artista mexikarraren Laukiratze. Paisajes liminares erakusketa zabaldu dute gaur eguerdian Alondegiko Oxford aretoan. Bilduma abuztuaren 30era arte izango da ikusgai Erribera kaleko aretoan.

2024an izan zen lehendabizikoz Victor Rios Zumaian bere lanak aurkezten, orduan Myriam Gesalaga zarauztarrarekin batera, eta bi urte geroago bakarkako erakusketa ekarri du Alondegiko Oxford aretora. Laukiratze. Paisajes liminares du izena bildumak eta gaur eguerdian inauguratu dute Erribera kaleko aretoan.

Abstrakziotik abiatuta, paisaiak izan daitezkeen lanak sortzen ditu Riosek, eta horietako batzuetan flyschak eragin nabarmena duela dio artistak. Serietan egiten du lan mexikarrak, eta horietatik gehienak monokromoak edo kolore apalekoak badira ere, badago serie bat non kolore gorriak protagonismo handia hartzen duen.

Erakusketa abuztuaren 30era arte izango da zabalik, egunero 18:30etik 20:30era, eta asteburu eta jaiegunetan 12:30etik 14:00etara eta 18:30etik 20:30era.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide