Albiste pozgarria Kornuallesetik. Janire Gonzalez-Etxabarri surflariak Fistral Beach hondartzan jokatu duten Yeti Pro txapelketa irabazi berri du. Garaipenak eman dizkion puntuei esker, Qualifying Series (QS) zirkuituko lehen postuan kokatu da surflari zumaiarra.
Atzo hasi eta igandera bitartean zen jokatzekoa Kornuallesen egiten duten surf txapelketa, baina itsasoaren egoera ezinhobea aurkitu dute, eta bi egunetan amaitu dute proba emakumeek. Gaur bertan hasi da lehian Gonzalez-Etxabarri, 32ko fasean, eta bere txandan nagusi izanda, final-laurdenetarako txartela eskuratu du. Bai final-laurdenetan, baita finalerdietan ere, bigarren izan da bere txandetan, baina finalean nagusitasuna erakutsi du.
Finalean, 6,60 eta 5,50 puntu eman dizkion bi olatu hartu ditu, eta 12,10 punturekin, lehian aritu diren lau surflarien artean onena izan da zumaiarra. Bigarren Nahia Milhau frantziarra izan da, 10,20 punturekin; hirugarren Sol Borelli espainiarra, 7,26 punturekin; eta laugarren Clemence Schorsch frantziarra, 7 punturekin.
Gaurko garaipenak 4.000 puntu eman dizkio, eta horiei esker QS zirkuituko lider jarri da Gonzalez-Etxabarri, 4.000 punturekin. Sailkapenean bigarren da gaur txapeldunorde izan den Milhau, 3.440 punturekin.