Lepokoak eta txapelak tiraderatik aterata, prest dira zumaiarrak Euskal Jai egunerako

Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 6a

Suziriarekin emango zaio hasiera Euskal Jai Eguneko azokari Alde Zaharrean. (Utzitakoa)

Euskal Jai eguna ospatuko da bihar Zumaian. Goizeko lehen orduetatik zapatuko ordu txikiak arte iraungo du jai giroa herrian. Azoka eta bertso saioak izango dira goiz partean, eta sagardo dastatzea arratsaldean. 

Pasa den larunbatean egindako Gala Gauaren ondoren, abuztuko egitarauan finkatutako hurrengo hitzordua biziko da bihar herrian, Euskal Jai eguna, hain zuzen ere. Herritarrek dagoeneko aterako zituzten tiraderetatik txapelak eta gonak, lepokoak eta gerrikoak, eta ostirala heldu zain egongo dira berriro ere festa giroan murgiltzeko. 

Zumaiako Musika eta Dantza Eskolako dultzaineroek esnatuko dute eguna. Goiz soinuari ekingo diote udaletxe aurretik goizeko 9:00etan. Ordubete geroago, 10:00etan, azoka zabalduko dute herriko Alde Zaharrean, eta bertako kale, kalestu eta txokoetan arituko dira musika talde desberdinak. Ohi bezala, balkoitik balkoirako bi bertso saio izango dira eguerdian: 12:00etan udaletxean eta 13:00etan Kofradian. Miren Artetxe eta Xabat Illarregi arituko dira kantuan.

Herri bazkariaren ondoren (txartelak 24 orduko epean ahitu ziren), arratsaldean, taloak izango dira 18:00etatik aurrera Odietan, eta sagardo dastatzea Gurrutxaga plazan. Laket taldeak 22:30ean Amaiako plazan emango duen dantzaldiak itxiko du eguneko egitaraua. Hortik aurrera, tabernetan jarraituko du jai giroak.

Egitaraua

  • 10:00-14:00. Alde Zaharrean azoka.
  • Goizean zehar, musika kaleetan.
  • 12:00. Udaletxean, balkoitik balkoirako bertso saioa: Miren Artetxe eta Xabat Illarregi.
  • 13:00. Kofradian, balkoitik balkoirako bertso saioa eta Zutrik taldearekin trikiti doinuak.
  • Bitartean, udaletxetik abiatuta kantujira, Larraina euskara taldeak eta Korokoiak taldeak antolatuta.
  • 15:00. Eusebio Gurrutxaga plazan, bazkaria. Bazkalondoan, Joxe Mendizabalen musika.
  • 18:00. Amaia plazan, Joxe Mendizabalekin haurrentzat dantzaldia.
  • 18:00. Odietan, Erkibe kultur elkartearen eskutik taloak.
  • 18:30. Eusebio Gurrutxaga plazan, Jagoba eta Maddalen trikitilariekin dantzaldia.
  • 19:00. Sagardo dastatzea.
  • 22:30. Amaia plazan, Laket taldearekin dantzaldia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide