Charente Maritime itzulia irabazi du Maite Urteagak

Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 4a

Maite Urteaga, itzuliko podiumean. (Jira-Bira)

Pasa den asteburuan jokatu zuten txirrindularitza proba Frantziako Akitania Berria eskualdean. Eulen-Amenabar taldeko txirrindulariak bi segundo aldea eskuratuta lortu zuen garaipena. 

Datorren urtean Laboral Lutxa-Euskadi talde profesionalean arituko den Maite Urteaga txirrindulari zumaiarrak amateur kategoriako palmaresa loditzen jarraitzen du. Pasa den asteburuan Frantziako Akitania Berria eskualdean jokatutako Charente Maritime itzulian lehiatu zen Eulen-Amenabar taldearekin, eta beste garaipen bat erdietsi zuen.

Abuztuaren 1ean eta 2an jokatu zuten hiru etapaz osatutako itzulia –lehen egunean goizez eta arratsaldez izan zituzten saioak–. Larunbatean, goizean, 89,2 kilometroko etapa egin behar izan zuten txirrindulariek, eta erlojupeko 10,6 kilometrokoa, arratsaldean; igandean, berriz, 92,2 kilometroko etapa gauzatu zuten, itzuliko azkena. 

Larunbat arratsaldean egindako erlojupekoan erdietsitako garaipenari esker lortu du Urteagak podiumeko goiko postura igotzea. Izan ere, azkarrena izan zen zumaiarra erlojupekoan, bigarren egin zuen Heidi Gaugaineri lau segundoko aldea atereta. Hiru etapak jokatuta, bi segundo besterik ez dira egon zumaiarraren eta frantziarraren artean, baina Urteagarentzat izan da abantaila. Itzulia borobiltzeko, Zarauzko kluba taldeen sailkapenean ere lehena izan zen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide