Topaketa egin zuten atzo Ernai gazte mugimenduko kideek Erribera kalean. Inpernupeko terrazan elkartu ziren, eta hasteko mahai-ingurua egin zuten antolakundearen datozen urteetarako erronken inguruan hausnartzeko nahiz erronka horiei erantzungo dien plangintza bat osatzeko.
Haren amaieran, lau bertsolari gaztek hartu zuten mikrofonoa, Jakes Etxeberria zarauztarrak, Dimako Enara Gallastegik, eta Joar Garate eta Urko Arakistain zumaiarrek, hain zuzen. Sarrerako bertsoen ondoren, gazteak kezkatzen dituzten gaien inguruan jardun zuten.