San Pedro Abesbatzak urtero eskaini izan du kontzertu bat Zumaiako Musika Jaialdiaren barruan, eta aurten ere ez du hutsik egin. Sapere Aude Sinfoniettarekin batera, Amaia Aldalurrek zuzendutako abesbatzak emanaldia eskaini zuen atzo leporaino bete zen San Pedro Parrokian. Bertaratutakoen arabera, denbora askoan gogoratuko den musika saioa eskaini zuten bi taldeek, lau solisten ahotsek lagunduta.
Wolfgang Amadeus Mozarten Requiema interpretatu zuten orkestrak eta abesbatzak. Saioak musikazaleen atentzioa bereganatu zuen, eta salgai jarritako sarrerak denbora epe laburrean ahitu ziren. Hala, Parrokia aspaldi ez bezala bete zen atzo musikak konposatzaile austriarrak sortutako musika doinuek erakarrita. Pozik atera ziren denak ere igande iluntzeko musika saiotik.
Bihar, opera
Gaur atseden eguna izango du Musika Jaialdiak, eta bihar opera emanaldiak hartuko du lekukoa. Giacomo Pucciniren La bohème lanaren opera proiekzioa izango da 19:00etan Aita Mari aretoan. Dagoeneko eskura daitezke sarrerak, 5 euroren prezioan (haurrentzat, 3 euroren truke), sarrerakzumaia.eus atarian, eta egunean bertan ere bai, emanaldia hasi aurretik, Aita Mariko leihatilan.
(Argazkiak: Miriam Romatet)