Karabela portugesak ziztatu ondoko kontakizuna: min handia, dardara eta zorabioa

Juan Luis Romatet - Maddi Txintxurreta 2026ko abuztuaren 1a

Karabela portugesaren ziztadak utzitako marka. (Juan Luis Romatet)

Adin txikiko batek karabela portugesa baten ziztada jasan zuen atzo arranplan. Sentitutako min handia, dardarak eta zorabioa deskribatu ditu. Anbulantzian eraman zuten ospitalera.

Hondartzetara ez ezik, Zumaiako erriora ere iritsi dira karabela portugesak, eta atzo, 17:30ak aldera, baten ziztada jasan zuen O.V.-k arranplan. Min handia, dardara eta zorabioa sentitu zituela kontatu du.

Adin txikikoak esplikatu duenez, uretara salto egin zuenean heldu zion marmokak, eta hankan itsasita zuela ikusi zuen uretatik atera zenean. "Erauzi egin dut, baina tentakuluak itsasita gelditu zaizkit. Momentu horretan pasatu dut okerren, erroek min handia eman didatelako", azaldu du. Tentakuluak kentzeko, uretara sartu zen berriz, eta heldu baten laguntzarekin, txartel batekin karraskatuz lortu zuten erroak azaletik libratzea. 

U.V.-k "gorputz guztian" sentitu zuen ziztada, soilik ezkerreko besoa eta eskuineko hankaren behaldea libratu ziren marmokaren erroez. "Min handia sentitzen nuen eta ez zitzaidan pasatzen", esan du. Ziztada jasan eta gutxira hasi den dardarka, 15-20 minutuz, eta zorabioa ere izan zuen. Ur gazia azalean igurtzita lortu zuen mina apur bat baretzea, baina anbulantzia iritsi bitartean "oso gaizki" pasatu zuela ziurtatu du.

Azkar iritsi zen anbulantzia, deia egin zutenetik sei minutu ingurura. Donostiako ospitalerako bidean, trapu eta zaku beroak jarri zizkioten karabelaren ziztadak erasandako azalean, eta horrek asko baretu zion mina. "Hamar minututan apenas ez nuen minik sentitzen", esan du. "Anbulantzian lasai joan naiz, ez dut dardara egin eta ez naiz zorabiatu. Esperientzia gogorra izan da, baina min gehiena anbulantzian kendu didate", kontatu du U.V.-k.

Medikuek artatu ostean, zauriak ukitzerakoan soilik sentitzen du mina zumaiarrak. Hala ere, minak hiru egun irauten badio, ospitalera joateko gomendioa egin diote.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide