Mozarten 'Requiem' kontzerturako azken sarrerak salduko dituzte emanaldiaren aurretik

Maddi Txintxurreta 2026ko abuztuaren 1a

Sapere Aude Sinfonietta eta San Pedro Abesbatza 2022ko Musika Jaialdian.

Denbora gutxian agortu ziren Sapere Aude sinfoniettak eta San Pedro abesbatzak bihar eskainiko duten kontzerturako salgai jarritako sarrerak. Hala ere, zenbait txartel salduko dituzte emanaldiaren aurretik, 12 eurotan.

Pasa den asteburuan jarri zituzten salgai bihar Sapere Aude sinfoniettak eta San Pedro abesbatzak interpretatuko duten Mozarten Requiem lanaren kontzerturako sarrerak, eta denbora gutxian agortu ziren guztiak. Hala ere, Zumaiako Udaleko Kultur sailak erabaki du "sarrera kopuru mugatu bat" salgai jartzea bihar emanaldiaren aurretik. 

42. Musika Jaialdiaren barruan antolatu dute Wolfgang Amadeus Mozarten obraren kontzertua. Bihar, 20:00etatik aurrera, Sapere Aude sinfoniettak eta San Pedro abesbatzak batera musika klasikoaren historian lan esanguratsuenetakoa den Requiem Zumaiako publikoarengana hurbilduko dute San Pedro parrokian. 

Udaleko Kultur sailak jakinarazi duenez, 12 eurotan jarriko dituzte salgai azken sarrerak San Pedro parrokian, emanaldia hasi baino 15 minutu lehenago. Ohartarazi du, halaber, sarrera horiei dagokien eserleku batzuek ikusgarritasun murriztua izan dezaketela, eta ez dela aukerarik egongo kontzertua zutik entzuteko, segurtasun arrazoiengatik.

Elizako ateak kontzertua hasi baino 40 minutu lehenago irekiko dituzte, hori dela eta, herritarrei garaiz joateko gomendioa luzatu diete antolatzaileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide