Bitartean taldearen folk doinuak, Zumaiako Musika Bandaren laguntzarekin biderkatuta

Maddi Txintxurreta 2026ko uztailaren 31

Bitartean taldeko laukotea Zumaiako Musika Bandako zenbait kiderekin. (M. Txintxurreta)

Argentinako nahiz Euskal Herriko musika lantzen dituen Bitartean taldea eta Zumaiako Musika Banda elkarrekin ariko dira gaur arratsaldean Odietan, Zumaiako Musika Jaialdiaren baitan antolatutako kontzertuan. 

Zumaiako Musika Jaialdiaren baitan emango duten kontzertua baino bi egun lehenago elkartu dira Bitartean taldeko laukotea eta Zumaiako Musika Bandako kideak, lehenengo aldiz elkarrekin entseatzeko. Denbora daramatzate Argentinako nahiz Euskal Herriko doinuak lantzen dituen taldearen kantu originalak bandara egokitzeko lanetan, eta gaur 20:00etan Odietan eskainiko duten emanaldi irekian elkarlan horren emaitzaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. 

2012an Hernanin sortu zen Bitartean taldearentzat, ez da banda batekin lan egingo duen lehenengo aldia. Besteak beste, Hernaniko bandarekin aritu izan dira, eta Getariakoarekin ere bai. Hala, haiek izan ziren Zumaiako Musika Bandarengana jo zutenak, eta bandakoek ilusioz hartu zuten emanaldi bateratu bat sortzeko proposamena.

"Guretzat plazera da herri desberdinetako bandekin jotzea eta elkar ezagutzea", ziurtatu du Sebastian Ustarroz Bitartean taldeko gitarristak eta ahotsak. Argentinarra Ustarroz, eta hain zuzen, Hego Amerikako herrialde horretako eta Euskal Herriko musika tradizional dantzagarria uztartzen ditu bere taldean, chacarera eta tangotik hasi eta arin-arina edo fandangoraino.

Hernaniko taldeak 2023an kaleratu zuen bere hirugarren eta azken diskoa, Bitartean Folk & Band izenekoa. Lan horretako abesti originalak dira herri desberdinetako musika bandekin jotzeko egokitu dituztenak, Jagoba Astiazaran eta Eduardo Moreno ibilbide luzeko konpositoreen laguntzarekin.

Proposamena Zumaiara ekartzerako orduan, Bitartean taldeko laukoteak Julen Izarra izan du aliatu, hark egingo baititu zuzendari lanak gaurko kontzertuan. Azaldu duenez, gaurko emanaldia prestatzeko Hernaniko taldeko kideek bidalitako partiturak interpretatzen aritu da Zumaiako Musika Banda, eta hala, Bitarteanen folk estiloko abestiak bandaren eskuetan biderkatu direnean, doinu "sinfonikoago" batekin jantzi dituzte.

Sebastian Ustarozek nahiz Julen Izarrak ziurtatu dutenez, edonork gozatzeko moduko kontzertua izango da gaur eskainiko dutena. Musika "oso dantzagarria" joko dutela aurreratu dute, eta zin egin herritarrekin batera gozatuko dutela ordubeteko iraupena izango duen emanaldian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide