Datorren astelehenean, abuztuaren 3an, hasiko da Dinastia Etxabe pilota txapelketa, eta hilaren 27an amaituko den arte, herritarrek esku pilotaz nahiz zesta puntaz gozatzeko aukera izango dute astelehen eta ostegun gauero Aitzuri pilotalekuan.
Eskuz zein zesta puntan ariko dira parte hartzaileak Zumaiako Pilota Elkarteak antolatutako lehian eta, ohi bezala, Aitzurin jokatuko dituzte partidak, 21:00etan hasita. Guztira, 16 bikote (8 jubenil mailakoak eta beste hainbeste elite kategoriakoak) ariko dira eskuzko txapelaren bila, eta beste lau zesta puntako torneoan.
Dinastia Etxape txapelketaren 54. edizioak zenbait nobedade dakartza berekin. Aurten, elite mailak ordezkatuko du 23 urtez azpiko pilotarien kategoria, "pilotari gehiagori eta hobeei lekua egiteko helbuz. Bestalde, lehenengo aldiz, ETBk zuzenean emango ditu hilaren 27ko finalak, eta streaming bidez ere jarraitzeko aukera izango dela jakinarazi dute antolatzaileek.
Bestalde, iaz ez bezala, aurten ez dute aurre-kanporaketarik jokatuko, eta jubenilen final laurdeneko partidekin hasiko dute txapelketa astelehenean. Maila horietako pilotarien artean, badira nabarmentzen diren zenbait izen, Nazabal, Salaberria, Paraguayo VII.-a, Moto edo Aldaz, kasurako.
Elite mailan, bestalde, honako bikoteak ariko dira lehian: Beitia-Apeztegia, Murua-Sotil, Irribarria II.a-Altuzarra, Lizeaga-Goikoetxea Gutierrez-Balerd, Arrillaga-Santesteban Etxeberria-Elorz eta Egiguren-Bernaola izango dira fina laurdenetako kanporaketa ikusgarriak.
Zestan, etxekoak
Azken lau urteetan bezala, eskuzko torneoaz gain zesta-puntako txapelketa bat ere jokatuko dute Aitzurin, eta herriko bi puntista ariko dira txapela lortzeko borrokan: Cosme Agirre eta Unai Uranga, hain zuzen ere. Urangak Erikekin jokatuko du lehen finalerdia, Etcheberry-Kanpandegiren aurka, eta aurrelariak Salegi izango du bizkartzain, Aaron eta Aratzen aurka.
Profesional mailarako jauzia
Atzo arratsaldean egin zuten jaialdiaren aurkezpen ekitaldia, eta Zumaiako Kirol Elkarteko lehendakari Josu Larrañagak aurkezpenean elkartu ziren pilotariei nahiz Dinastia Etxabe antolatzeko lan egiten duten boluntarioei eskerrak emateko baliatu zuen aukera.
Ekitaldian izan zen, halaber, Iñaki Ostolaza alkatea, eta Zumaian hainbeste urtez jokatu duten txapelketaren garrantzia nabarmendu zuen hark: "Hemendik pasatu diren pilotari batzuk profesionaletara salto egin dute gero, Landak eta Amianok, adibidez".
Ondorengoa da txapelketaren egutegia:
