Atzo arratsaldean jokatu zituzten Aitzuri frontoian Challenger Tour zesta punta zirkuituko Zumaiako txapelketako finalerdiak. Bi partida jokatu zituzten, eta horietatik bigarrenean aritu zen Cosme Agirre aurraleri zumaiarra.
De Betelu atzelariarekin osatu du bikotea txapelketan, eta etzi, osteguna, jokatuko duten finalerako txartela eskuratzea zuten helburua. Asmoak, baina, ez zitzaizkien nahi bezala atera, hiru jokotan galdu zutelako partida. Benetrix eta Latry izan zituzten aurkari atzokoan, eta beraiek irabazi zuten lehen jokoa 15-12 emaitzarekin. Bigarrenean erreakzioa izan zuten Agirrek eta De Beteluk, eta banakoa jarri zuten markagailuan jokoa 11-15 emaitzarekin irabazi eta gero. Joko laburrean erabakiko zen irabazlearen izena, eta han hobeto moldatu ziren Benetrix eta Latry; 5-3 emaitzarekin irabazi zuten jokoa, ondorioz finalerako txartela eskuratuz.
Eguneko lehen partidan Arrasate-Iturralde eta Bonnin-Ontoria bikoteak neurtu ziren. Bigarren partidan bezala, hura ere hiru jokotan erabaki zen. 12-15 emaitzarekin irabazi zuten lehen jokoa Bonninek eta Ontoriak, baina hurrengo biak Arrasatek eta Iturraldek irabazi zituzten: 15-9, 5-4.
Ostegunean jokatuko dituzte txapelketako azken partidak Aitzurin, 19:00etan hasiko den jardunaldian.