Miniboy eta Berpiztuak musika taldeak emanaldi berezia bezain gogoangarria eskaini zuen atzo gauean Komentuko lorategian. Miniboy eta BigBoy taldeetako kideek disko bikoitza argitaratu zuten urte luzez lozorroan egon ondoren, eta atzokoa lan berrien aurkezpen kontzertua izanik, jendeak gogotsu jarraitu zuen haien zuzenekoa.
Emanaldia, nolabait ere, haien bilakaeraren antzera irudikatu zuten: Miniboy bezala ekin zioten saioari, gero taldean aritutako beste bi kide juntatu ziren, eta amaitzear zela seigarren bat, BigBoy bihurtuz. Kasu honetan, berpiztuta eta bizi-bizirik daudela erakutsi zuten.