Helene Alberdi: "Ea denboraldiaren bigarren zatia Europako Txapelketarekin itxi dudan zatia bezain ona izaten den"

Julene Frantzesena 2026ko uztailaren 21a

Helene Alberdi Zarauzko triatloian. (Julene Sorarrain)

Distantzia erdiko Europako Triatloi Txapelketan podiumeko hirugarren koskara igotzeak emandako poza ezkutatu gabe erantzun ditu Gukaren galderak Helene Alberdik (Bilbo, 1991). Igandeko balentria tarteko, azaroan Abu Dhabin izango den Munduko Txapelketan aritzeko txartela eskuratu du. Etxekoekin hitz egin behar badu ere, denboraldiaren bigarren zatian jarria du arreta, eta aurreratu du ziurrenik Arabiar Emirerri Batuetako proban izango dela.

Hirugarren egin zenuen igandean Europako Triatloi Txapelketan. Lorpenarekin gustura al zaude?

Bai. Nazioartean domina bat lortzea beti izaten da zaila, eta beraz, beti izaten da lorpen ona. Lasterketa nola joan zen eta zer maila zegoen ikusita, oso gustura nago egindako lasterketarekin eta lortutako emaitzarekin.

Bero izugarriari egin behar izan zenioten aurre. Horrek eragin al zuen zure errendimenduan?

Bai, eta ez nirean bakarrik; bero handia iragarrita zegoenez, antolakuntzak erabaki zuen korrika maratoi erdia egin beharrean hamalau kilometro egingo genituela. Hasiera batean, berria eman zigutenean, pena hartu nuen, postu hobea lortzeko korrika gehiago egitea ondo etorriko zitzaidala pentsatzen nuelako; izan ere, nahiko ondo moldatzen naiz korrika, eta askotan postuak lasterka irabazten ditut. Dena den, atzo, lasterketan, asko eskertu nuen buelta bat gutxiago egitea; hiru buelta beharrean bi egin genituen. Erabaki ona hartu zuen antolakuntzak, bero handia egin zuelako, eta horren ondorioz, ez ginen beste batzuetan aritzen garen erritmoan aritu. Denoi eragin zigun beroak. 

Bi italiar sartu ziren zure aurretik helmugara. Aurkari gogorrak izan al zenituen?

Aspalditik ezagutzen ditut Marta Bernardi eta Sara Sandrini; 2024an nire aurretik helmugaratu zen Sandrini Coimbran (Portugal), eta Bernardiren aurretik egin nuen 2022an, txapeldun [Europako Triatloi Txapelketan] izan nintzenean. Askotan jarduten dugu elkarren aurka, eta banekien zaila izango zela biak menderatzea; erakutsi zuten ni baino koska bat gorago daudela. Alde horretatik, pozik nago haiekin podiumean izateagatik. 

Distantzia erdiko Europako Txapelketan lortzen duzun bigarren domina da, ezta? 

Bai, 2022an urrezko domina eskuratu nuen. Urte hartan lehen aldiz parte hartu nuen nazioartean. Gero, 2024an, bosgarren postua eskuratu nuen, eta aurten, berriz, hirugarren egin dut. Distantzia luzeko Munduko Txapelketan, berriz, seigarren egin nuen 2023an. 

Zer balorazio egiten duzu aurtengo denboraldian lortutakoaz? Izan ere, Iruñean lehenen egin zenuen distantzia erdiko Espainiako Txapelketan, Europakoan hirugarren egin duzu…

Balorazio oso-oso positiboa egiten dut, batez ere, nondik natorren kontuan hartuta. Iaz jaio zen Nile alaba, oraintxe egingo du urtebete; duela urtebete sasoi honetan haurdun nengoen, oraindik erditzeko. Umea jaio ostean, pixkanaka joan naiz sasoia hartzen, eta lasterketa garrantzitsuak iritsi direnean indartsu egotea lortu dut. Fisikoki ondo egoteaz gain, lasterketak ondo kudeatzea lortu dut, baita emaitza onak lortzea ere, eta pozik egoteko moduko emaitzak direla uste dut. 

Zer duzu orain jomugan?

Igandean lortutako domina tarteko, azaroan Abu Dhabin izango den Munduko Txapelketarako txartela eskuratu dut. Munduko Txapelketa hori distantzia luzeko proba izango da, 2023an parte hartu nuena bezalakoa, eta ikusi egin beharko da joaterik izango al dudan. Familian hitz egin beharko dugu, baina uste dut han izango naizela. Bitartean, bi aste barru Alpeetara goaz, eta han, Alpe d'Huezen triatloi luze bat egingo dut. Bestalde, Espainiako Txapelketak eta beste hainbat hitzordu garrantzitsu ere izango ditut aurrerago. Orain pixka bat indarrak hartu behar ditut; ea ondo entrenatzeko moduan naizen berriro. Eta ea denboraldiaren bigarren zatia Europako Txapelketarekin itxi dudan zatia bezain ona izaten den. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide