Talde garaipena Itxas Gainentzat Urola Ibaiaren 50. Igoera-Jaitsieran

Onintza Lete Arrieta 2026ko uztailaren 19a

Zumaiako piraguismo elkarteak ezin zuen gehiago eskatu. Eguraldi ederrarekin jokatu dute gaur urteurren bereziko proba, eta emaitzak ere lagun izan dituzte. Mende erdi honetako historia biltzen duen erakusketa jarri dute egoitza aurrean, eta hantxe egin dute familia bazkaria ere. 

Piraguek bete dute gaur Santiago hondartzako ur ertza aurrena, eta Urolako itsasadarra gero, Urola Ibaiaren 50. Igoera-Jaitsiera proba jokatu baitute 11:00etan, aipatutako hondartzatik abiatuta.

Eguraldi ona lagun, ehunka kirolari uretaratu dira banaka nahiz binaka, Beduara joan-etorria egiteko ibaian gora. Ohi bezala, taldekako eta banakako txapelketak izan dira, eta urteurren berezian zumaiarrek jaso dute merezitako saria, taldeka Itxas Gain bera izan baita klub onena, 827 puntu lortuta. 31 klub lehiatu dira guztira, eta etxekoak aldearekin nagusitu dira, Santiagotarrak izan baita bigarren 601 punturekin. Horiek izan da bi klub indartsuenak. Hirugarrenak, Donostia Kayak taldeak, 147 puntu eskas lortu ditu, eta gainerakoak hortik behera gelditu dira. 

Helduak uretaratu dira aurrena, eta gero, haurrak. Azken horiek ibilbide laburragoa egin dute, kirol portu atzetik hasi eta errepide nagusiko zubi azpiraino; han buelta hartu, eta helmugara jarraitu dute, Paolbidearen hasierara, gutxi gorabehera. 

Bakarka ere emaitza onak

Taldeka Itxas Gain nagusitu bada, bakarka ere etxeko klubekoak nabarmendu behar. Esaterako, Irati Osak irabazi du seniorretan K1 kategorian; partaide gutxi izan dira, hiru baino ez, baina Osak ia hiru minutuko tartea atera die besteei.

Eider Amundarain nagusitu da, berriz, K1en, 23 urtez azpikoetan, eta Jose Maria Villagarcia ere bizkorrena izan da beteranoetan, K1 sprinter kategorian. 

Amaia Aizpuruak ere garaipena lortu du kadeteetan, K1 kategorian. Maila horretan, hirugarren izan da Uxue Ezenarro. 

Emakumezko seniorretan, K2 kategorian, bigarren egin dute Ana Martinenak eta Maite Etxabek. 

Hirugarren izan dira, berriz, Oier Aizpurua eta Asier Aizpurua seniorretan, K2 kategorian. Iñigo Loisek ere postu bera lortu du beteranoetan, K1 kategorian. 

Taldekako emaitzak esteka honetan ikus daitezke. Banakakoak, berriz, esteka honetan

Erakusketa eta bazkaria

Dena ez da lehia eta kirola izan gaurkoan. Izan ere, antolatzaileek urte hauetako guztietako argazkiak eta garaikurrak jaso, eta horiek ikusgai jarri dituzte erakusketa xume bat osatuz klubaren egoitzaren kanpoaldean. 

Gero, han bertan elkartu dira familia bazkaria egin eta egun borobil honi ginga jartzeko. 

(Argazkiak: Gorka Zabaleta, Onintza Lete Arrieta eta Itxas Gain). 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide