"Muturreko egoeran" daudela salatu dute Otezuriko langileek eta mobilizazio aldi berria hasi dute

Maddi Txintxurreta 2026ko uztailaren 17a

Otezuriko langileak nahiz egoitzan bizi diren pertsonak eta haien senideak, asteartean egindako elkarretaratzean. (Utzitakoa)

Otezuriko langileak asteartero mobilizatuko dira egoitzaren aurrean lan baldintza duinak aldarrikatzeko. Aste honetan egin dute lehenengo protesta, eta beharginez gain, egoitzan bizi diren pertsonak eta haien familiak ere batu dira elkarretaratzera.

Otezuriko langileak "muturreko egoeran" daude. Hala jakinarazi dute astearte honetan egoitzaren aurrean egindako elkarretaratzean, zeina asteroko mobilizazio dinamika berri bateko lehenengoa izan baiten. Negoziazioa desblokeatzeko dei egin diete Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Matia patronalari.

2025eko urtearen hasieran Gipuzkoako egoitzetako hitzarmen kolektiboaren negoziazioak abiatu zituzten sindikatuek, aldundiak eta patronalek, baina gaur gaurkoz elkarrizketak "erabak blokeatuta" daudela jakinarazi dute Otezuriko langileek. "Egoera jasanezina" bizi dutela deitoratu dute, langile nahikorik ez dagoelako eta beharginen baldintzak ez direlako egokiak lanaldiei, soldatari nahiz lan kargari dagokienez. "Diputazioak ez ditu ratioak eguneratzen eta patronalak ez daude adostasun batera iristeko pausoak emateko prest", esan dute. 

Gainera, jakinarazi dutenez, duela hiru aste langileen baldintzak okertzea erabaki zuen Matia Fundazioak. "Lehen urte erdi honetan egin duten aurreikuspen eta kudeaketa txarren ondorioz, egoera ekonomikoak okerrera egin du, eta langileon lan baldintzak okertzea erabaki dute. Larritasun handikoak iruditzen zaizkigu zuzendaritzak langile kolektibo osoaren aurka hartutako neurriak. Kaleratzeak, ordu murrizketak, kontratu amaierak, garbiketari dagokionez hainbat neurri…", salatu dute.

Azpimarratu dute langileek ez dutela patronalaren kudeaketa eskasaren gaineko erantzukizunik, aitzitik, Matiari dagokiola egoitzaren diru-sarrerak ziurtatzea, fundazioak behar bezala funtzionatu dezan eta langileen baldintza duinak bermatu ditzan.

Egoera salatzeko mobilizazio aldi berri bat hasi dute Otezuriko langileek. Asteartero elkarretaratzea egingo dute egoitzaren aurrean, 11:30ean, eta herritarrak ere horietan parte hartzera deitu dituzte. Astearte honetan egin dute lehenengo protesta, eta langileez gain, Otezurin bizi diren pertsonak eta haien familiak elkartu ziren zaintzaileentzat baldintza duinak aldarrikatzera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide