Egun berezia izan dute gaur aurrerantzean Balenciaga Shipyard izena izango duen ontziolan. Enpresak jabetza berria duenetik egingo duen lehen ontziaren gila aurkeztu dute gaurko ekitaldian. Bertan izan dira, besteak beste, ontziolaren jabe den AD Ports Group enpresa taldeko zuzendari nagusi Ammar Al Shaiba, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburu Mikel Jauregi, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Marisol Garmendia eta Zumaiako alkate Iñaki Ostolaza. Ekitaldi sinbolikoa izan da gaurkoa, eta ontziolako langileak eta haien familiartekoak ere gonbidatu dituzte bertara.
Faktoriako hainbat txoko bisitatu dituzte ordezkariek, baita langileekin argazki jendetsua atera ere ontzi berriaren gila izango den piezaren burdinazko pieza handiaren aurrean. Aurreskuaren ondoren, enpresako arduradunek eta ordezkari politikoek hartu dute hitza.
Santiago Bardal Balenciagako zuzendari nagusiaren arabera, gila jartzea eraikuntza baten hasiera baino, "Balenciagaren itzuleraren froga da". Bere esanetan, ontziola horretako langileek "bizirik mantendu dute horren espiritua urte zailetan, eta gaur [atzogatik] hasi gara berriro oinarri horren gainean eraikitzen". Eskerrak eman dizkio, baita ere, AD Ports Groupi "hartutako konpromisoagatik, eta ontziola honetan sinetsi duten guztiei".
Jauregi sailburuak, bere aldetik, adierazi du inoiz ez dutela ontziolaren etorkizunagatik itxaropena galdu. "Hilabete asko izan dira hotzez eta hodei beltzez beteta, baina inoiz ez dugu itxaropena galdu", nabarmendu du, eta hitz bereziak izan ditu gaurko ekitaldian presente zeuden Andoitz Korta Industria Sustatzeko sailburuordearentzat eta Industria Garapen eta Administrazioaren zuzendari Jose Luis Azkuerentzat, garai hartan egindako lanagatik. Zentzu horretan, langileei eta haien familiei ere eskerrak eman dizkie, "Balenciagarengan sinesteagatik eta haien etorkizunaren alde lan egiteagatik erakundeekin batera".
Iñaki Ostolaza alkateak bere aldetik nabarmendu du Balenciagaren aro berria "albiste bikaina dela Zumaiarentzat. Gaineratu du gaurko ekitaldiak ez duela ontzi baten eraikuntzaren hasiera bakarrik adierazten, "herriarentzat etapa berri baten hasiera baizik". Balenciagako langileei aitortza berezia egin die Ostolazak, "azken urteetan erakutsitako profesionaltasunagatik, jakintzagatik eta konpromisoagatik". Haren esanetan, haiek izan dira une zailenetan ontziolaren etorkizunean sinesten jarraitu dutenak. "Ontziola martxan jartzeak langile guztien ahalegina ere aitortzen du".
Norvegiarako ontzia
Egun eraikitzen ari diren ontzia offshore edo itsaso zabalean lan egingo duen atoiontzi bat da, Norvegiarako egingo dituzten bi atoiontzietatik lehena. Enpresaren helburua offshore sektore eolikoan kontratu berriak lortzea dela adierazi dute, "sektore horretan, ontzi espezializatuen eskariak gora egiten jarraitzen baitu".