Akordioa lortuta, isuna ezarri diete Zumaiako hiru grebalari feministei

Maddi Txintxurreta 2026ko uztailaren 16a

Auzipetuek buruko 720 euroko isuna ordaindu beharko dute 2023ko azaroaren 30eko greba orokor feministan Arroako bidesaria mozteagatik. "Zigor onartezina" dela deitoratu du Denon Bizitzak Erdigunean koordinadorak, eta dozenaka lagun elkartu dira Donostiako epaitegiaren aurrean auzibidea salatzera nahiz hiru zumaiarrei babesa adieraztera.

2023ko greba feminista orokorrean desordena publikoa egotzita epaitegian deklaratzera deitu zituzten hiru zumaiarrak 2.160 euroko isunarekin zigortu ditu Donostiako Auzitegiak. Fiskaltzarekin akordioa sinatuta, espetxe zigorrak saihestu dituzte auzipetuek. Dozenaka lagun elkartu da epaitegiaren aurrean hiru grebalariei babesa adieraztera.

2023ko azaroaren 30eko goizean Arroako autobideko irteera nahiz Beduako Joxe Mari Korta industrialdeko sarrera moztu zituzten dozenaka herritarrek, Herriko Mugimendu Feministak zaintza sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatzeko deitu zuen greba orokor feministaren aldeko piketeetan. Ertzaintzak bi lagun identifikatu zituen bide mozketa horietan, baita eguerdiko eta iluntzeko mobilizazioen informazio orria bidali zuen hirugarren grebalari bat ere. Identifikatutako grebalariek Azpeitiko epaitegian deklaratu behar izan zuten 2024ko ekainaren 5ean, eta gaur, auzibidea ireki zutenetik ia hiru urtera, Fiskaltzaren eta defentsaren arteko akordio batekin amaitu da hiru lagunen kontrako prozesu judiziala.

Espetxe zigorrak -desordenarekin lotutako delituengatik sei hilabete eta hiru urtera arteko espetxe zigorrak aurreikusten ditu legeak- saihestu dituzte, baina buruko 720 euroko isunak ordaindu beharko dituzte.

Feministak "geldiaraztea" helburu

Zumaiako grebalariak Donostiako epaitegira iritsi orduko, haiei sostengua adieraztera eta mugimendu feministaren kontrako "errepresioa" salatzera elkartu dira dozenaka lagun. Zaintza sistema publikoa orain. Borrokan jarraituko dugu! idatzita zuen pankarta zabaldu dute auzitegiaren aurrean, eta txaloz hartu dituzte zumaiarrak.

Auzipetuak epaitegira sartu ostean, greba feminista koordinatu zuen Denon Bizitzak Erdigunean dinamikako kideek salatu dute Zumaiako hiru kideei ezarritako zigor ekonomikoa "onartezina" dela. Nabarmendu dute gaur itxi den auzibidea, baita lanuzte orokorraren egunean irekitako beste prozesu judizialak ere (Gasteizen eta Donostian ere grebalari batzuk atxilotu zituzten), "zaintza eraldatzeko borroka oztopatzea" eta lan horretan dabiltzan kide feministak "geldiaraztea" dutela helburu. Hala ere, argi adierazi dute "antolakuntza eta desobedientzia jazartzen duen sistemaren aurrean" mugimendu feministak borrokan jarraituko duela.

Apirilaren 17an manifestazioa

Zaintza sistema "errotik aldatzeko" borrokaren hurrengo mugarria zein izango den ere jakinarazi du Denon Bizitzak Erdigunean koordinadorak: 2027ko apirilaren 17an manifestazio nazionala deitu du Bilbon. "Zaintza eraldatzeko herri konpromisoaren adierazpen bateratua" zabaltzeko baliatuko dute egun hori, baita "ardurak hartzea exijitzeko eta garaipen berriak lortzeko ere".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide