Sardina salmenta irudikatuko dute larunbatean Zumaiako portuan

Juan Luis Romatet 2026ko uztailaren 15a

Stella maris ekitaldiko antolatzaileak. (Juan Luis Romatet)

Larunbat eguerdian egingo dute antzezpena errioa eta Kofradia artean, eta ondoren dantzak eta sardina jana izango dira. Beduola elkarteak antolatu du ekitaldia, Astindu dantza taldearekin eta udalarekin elkarlanean. 

Urte batzuetatik hona egiten ez bada ere, Karmengo Eguna ospatzen zuten Zumaian ere, euskal kostaldeko portu denetan egiten zuten bezala. Festa horrek itsasoko herrietan zuen garrantzia aitortu nahian, eta orduko Zumaia berreskuratu nahian, ekitaldi berezia antolatuko du aurten ere Beduola elkarteak, Astindu dantza taldearekin eta Zumaiako Udalarekin elkarlanean.

Festa horren inguruan antolatzen duten bigarren aldia izango da aurtengoa. Bere garaian Zumaiako portuan egoten zen mugimendua irudikatu nahi izan zuten 2024an. "Orain hiru urte egin genuen lehendabizikoz;  pentsatu genuen zerbait polita egin genezakeela, jai giroan, eta aurtengoa antolatzen dugun bigarren aldia izango da", esan du Beduolako kide Igone Saizabalek. Larunbatean egingo dute ekitaldia, eguerdiko 12:30ean hasita. Orduan bezala, arraina dakarten batelen porturatzea irudikatuko dute. "Batel horietan sardina ekarriko dute, eta Arranplan sardinerak egongo dira batelek heldu zain". Behin arraina lehorreratuta, sardina salmenta egingo dute Kofradiako plazan, eta eraikineko benta gelan". Behin salmentaren antzezpena eginda, dantzak izango dira, baita sardina erre dastaketa eta txotxa ere, Saizabalek argitu duenez. "Sare konpontzaileak ere izango dira ekitaldian", gaineratu du Saizabalek.

Stella Maris izena jarri diote Beduolakoek larunbatean egingo duten ekitaldiari. Uztailean, Karmengo Egunaren bueltan egiten den festa "itsasoko festa" dela azaldu du Inaxio Manterolak, Beduolako partaideak. "Itsasoko herri guztietan egin izan da, bai Mediterraneoan, baita Kantauri itsasoko herrietan ere, eta kristautasunaren aurretik ere egiten zen zerbait da". Bere esanetan, kultura batzuetan, "Egipton eta Mediterraneo osoan", Sirius izarraren agerraldiarekin lotu izan dute, "Itsasoko Izarrarekin, hain zuzen. Gero kristautasunak festa pagano hori hartu eta Karmengo Eguna izena jarri zion", gaineratu du.

Itsasontziak, arrantzakoak baina baita merkantziakoak ere, Zumaiako portutik aspaldi desagertu baziren ere, haien oihartzuna oraindik ere nabari daiteke errioan. "[Karmengo Eguneko] Festak garrantzia handia zuen hemen oraindik itsasontziak zeudenean. Turutak izaten ziren, banderak, itsasontziak portutik atera eta berriro sartzen ziren. Apaiza ere joaten zen portuko ura bedeinkatzera. Egun berezia zen seinale, egun horretara arte inor ez zen bainatzen errioan", gogoratu du irribarre batekin Manterolak. "Hori guztia berreskuratu nahian antolatu genuen festa duela hiru urte". Jai giroa sustatzeaz aparte, arrain salmenta nola egiten zen ere gogoratu nahi dute, besteak beste, itsasoko festa horrekin".

Ostiralean, dokumentala

Larunbat eguerdian egingo dute ekitaldi nagusia. Ostiralerako dokumental baten emanaldia programatu du Beduolak. Auzolangintza filma emango dute 20:00etan hasita Alondegiko Oxford aretoan. Filma aurkezten izango dira haren sortzaile Iker Iriarte eta Pablo Dendaluze.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide