Musika elektronikoa entzuteko eta harekin bizkarrezurra mugitzeko aukera izango da datorren larunbatean, hilaren 11n, Itzurun hondartzan. 18:00etan hasi eta gaueko ordubiak arte, Dantz Point Gipuzkoa zirkuituko hitzordua hartuko du Zumaiako hareatzak. Zortzi orduko saioan, bost DJren emanaldiak jarraitzeko aukera izango dute musika horren jarraitzaileek, baita kuriositateak bultzatuta Itzurunera hurreratuko direnek ere.
Zumaiako saioarekin hasiko da aurten urrira arte jarraituko duen zirkuitua. Itzurungo hitzorduko programazioa N97 kolektiboarekin elkarlanean garatu dute antolatzaileek, eta Aimar, Biggie, Chapy, Irune Muguruza eta Jota dira lehen saio horretan arituko diren DJak. Iaz ere hartu zuen Itzurunek Dantz Point zikloko "esperientzia" bat, eta antolatzaileek goraipatu dutenez, "jende gehien bildu zuen hitzorduetako bat izan zen". Eta iazkoaren "ondorioz", gehitu dute antolatzaileek, "Dantz Point inguru horretara itzuliko da, paisaiari dagokionez, sinbolikoki, zientifikoki eta kulturalki aparteko balioa baitu".
Ondarea eta talentuak
Musikazaleak dantzan jartzea bakarrik ez, helburu anbiziotsuagoak ere baditu Dantz Point egitasmoak. Esaterako, "espazio publikoaren, ondarearen eta talentu sortuberriaren aktibazioaren aldeko apustua" egiten dutela azaldu dute antolatzaileek. Aurtengo programazioa iazkoak izandako arrakastatik abiatzen dela azpimarratu dute. Haien arabera, "lurraldearen proiekzio, kultur ikusgarritasun eta gizarte eragin handiagoa duen programazioa" prestatu dute, "jasangarritasunaren, kultura deszentralizatzearen eta tokiko talentu sortuberria sustatzearen aldeko konpromisoa mantenduta".
Dantz Pointeko zuzendari Jokin Telleriarentzat, "garrantzitsua da aire zabaleko espazioak aktibatzen jarraitzea, musika elektronikoak ondarearekin, paisaiarekin eta komunitatearekin hitz egin dezan, askatasun modu berriak sortuz eta kultura lurraldetik esperimentatuz".
Zikloak lurraldeko beste paraje batzuk bisitatuko ditu urrira arte, Telleriak esan bezala, "lurraldeko espazio berezietan musika elektronikoa, ondarea, paisaia eta komunitatea uztartuz". Hala, abuztuaren 14an Donostian izango da, Aste Nagusiko programazioaren barruan; irailaren 19an Arrasatera helduko da; eta astebete geroago, irailaren 26an, Errenteriara. Zikloari amaiera urriaren 3an emango diote, Donostiako hipodromoan egingo duten azken saioarekin.